Zer lortu duzue aurten?
Uxue Palacios: Aurten sei lehiaketetan aritu izan gara. Bitan laugarrena izan naiz, beste bitan irabazlea eta beste batean bigarrena. Ondorioz, Espainiako Estatuko lehenengoa izan naiz nire kategorian eta Europako bigarrena. Horri esker hurrengo urtean Munduko Txapelketan parte hartuko dut eta oso pozik nago.
Bosco Palacios: Ni sei txapelketetan aritu naiz eta Espainiako Estatuko laugarren sailkatu naiz. Europako Txapelketan 28. izan naiz. Pozik nago, nahiz eta Munduko Txapelketan ez naizen egongo. Lan handia egin dut.
Non jokatu dituzue proba hauek?
U.P.: Espainiar Estatukoak Pirinioetan izan dira eta Munduko Txapelketako sailkapenekoa Norvegian. Amak esan zigun horrelako esperientziak behin baino ez direla gertatzen bizitzan eta horregatik joan ginen Narvikera.
B.P.: Uste genuen Uxuek bazituela aukerak Munduko Txapelketan sartzeko, baina hori ez zen guztia izan. Lehenengo postua eskuratu zuen eta horrek bigarren postuan jarri zuen Europako Txapelketan.
Nola joan zineten?
U.P.: Espainiar Estatuko jende asko joan zen. Gu amarekin joan ginen, baina entrenatzaileak ere etorri ziren, baita lagun batzuk ere.
B.P.: Esperientzia oso ona izan zen. Giro paregabea izan genuen. Lagun pilo egin genituen eta primeran pasa genuen.
Hurrengo erronka Munduko Txapelketa izango da?
U.P.: Munduko Txapelketa Gabonen ostean jokatuko dut. Hori baino lehen hilabete batez eskiatuko dugu.
B.P.: Prestatuko gara eta udan alde fisikoa landuko dugu. Freeride diziplina egiteko oso garrantzitsua da hanka indartsuak izatea eta tranpolinetan teknikak eta trikimailuak egitea. Hor prestatzen dituzu mina hartu gabe eta elurrean praktikan jartzen dituzu.
Zertan datza freeride diziplina?
B.P.: Freeriden jaitsiera librea egiten duzu. Eki pistetatik kanpo egiten da, elur naturalean. Hor egiten ditugu jauziak.
U.P.: Estilo librea da. Txapelketetan eskiak bizkarrean jarri eta mendira igotzen zara, azpitik zehaztutako ibilbidea bete behar duzu, adierazitako harkaitzetan salto eginda. Epaileek jartzen dute nota eta elementu nahiko hartzen dituzte kontuan; beste norbaitek ibilbide hori egin duen, jauziaren luzera, teknika...
B.P.: Ibilbide originalek puntu gehiago lortzen dituzte eta tokia ahalik eta okerren egonda, are gehiago.
Nola entrenatzen duzue?
U.P.: Astelehenetik ostegunera bitartean gimnasioan indartzen ditugu hankak. Jauziak ondo mantentzeko ezinbestekoa da. Bestalde, zorionez, ostiralero joaten gara eskiatzera, astebururo. Vall de Aranera jotzen dugu. Entrenatzaile batek agintzen digu nola prestatu snow parkean, ze hor egin ditzakezu trikimailuak edo teknikak. Elur nahikoa egonez gero, lehiaketa probak egiten ditugu.
B.P.: Nik egunero ikusten ditut eskarmentu handiko eskiatzaileen bideoak. Nire gogokoena Sammy Carlson da, saiatzen naiz berak egiten duena egiten. Tranpolinean prestatzen ditut lehenik eta behin eta gero elurrean.
Eskiatzea oso lotuta dago lesioetara, zuek izan duzue baten bat?
U.P.: Horregatik, hain zuzen, da horren garrantzitsua hanka indartsuak izatea, baita gorputzaren goiko aldea ere. Azken finean, gorputza prest badago ez da horren erraza mina hartzea. Edonola ere, bai, lesioak izan ditugu. Esaterako, nik belauna osoa ireki nuen.
B.P.: Niri denboraldi honetan atera zitzaidan eskumako sorbalda. Osatu nintzen eta Aste Santuan atera zitzaidan bestea. Orain ondo nago. Aurreko denboraldian txiribuelta egin eta konortea galdu nuen. Matrailezurra apurtu nuen.
U.P.: Kirol honetan ohituta gaude, egunerokoan gertatzen dira. Hartzen ditugu prebentzio neurriak, babesak erabiltzen ditugu, baina gertatzen bada, ba gertatzen da. Osatzera eta berriro kirola egitera.
Zein helburu jarri diezue zuen kirol ibilbideei?
U.P.: Lehen esan dut aukera bakarra izango dela bizitzan, hurrengo urtean Qualifier kategoriara igaroko bainaiz. Hor 18 urtetik gorako eskiatzaileak daude eta maila oso handia da. Qualifier, Qualifier Challenge eta Freeride World Tour Pro dira kategoriak eta azken horretan profesionalak daude. Gure helburua da hara iristea, baina ez zaigu heldu garaia oraindik. Hurrengo urtean xedea izango da ondo pasatzea Munduko Txapelketan eta Qualifierren hastea.
B.P.: Nire kasuan, junior kategorian egongo naiz berriro. Aurten laugarren geratu naiz Espainiako Txapelketan eta hurrengo urtean saiatuko naiz podiumera heltzen. Europako Txapelketan saiatuko naiz hamabigarren postutik behera egoten.
U.P.: Gure diziplinan giroa izugarria da. Guztion artean ondo gaude eta laguntzen gara. Nesken artean beste diziplinetan ikusten da lehiakortasun handiagoa, baina gure artean guztiok pozten gara norbaitek ondo egiten badu. Diziplina oso polita da ikusteko eta bizitzeko eta asko erakusten dizu jendearekin egoteko orduan.
B.P.: Errespetu handia dago kirol honetan. Besteen poza garrantzitsua da.
Nola heldu zineten kirol honetara?
U.P.: Zorionez, gure gurasoek eskiatzen zuten eta txikitatik egiten dugu guk ere. Diziplina hau praktikatzen dugu gurasoek izena eman zigutelako bost urterekin freeride egiten duen klub batean. Pixkanaka-pixkanaka hasi ginen eta duela hiru urte ekin genion lehiatzeari.
B.P.: Bai, gainera, nik txikitatik oso gogoko izan dut txiribueltak eta horrelakoak egitea eta kirol honek hori eta eskia batzen ditu.
Zein izan da zuen mugimendurik onena orain arte?
B.P.: Nire kasuan mugimendu bat Rodeo 3 deitzen dutena edo backflip —txiribuelta atzera—. Sei metroko harkaitz batean egin nuen. Motibazio handia nuen eta jende guztia ari zen ikusten, adrenalina topera nuen.
U.P.: Nire kasuan 360 horizontala. Ez dut aparteko trikimailurik egiten.
B.P.: Argitu beharra dago trikimailuena aldagai bat baino ez dela. Adibidez, jauziaren altuera garrantzitsuagoa da eta Uxuek oso salto handiak egiten ditu.
U.P.: Nik gehitu behar dut neska gehiago behar ditugula freeridean. Lehen baino gehiago daude eta maila hobetu da, baina beharrezkoa litzateke gehiagok parte hartzea.