Guardianen itxiera

Autoglas-Glavistako kaleratzeak bidegabeak izan zirela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, Guardian eta Parter Capital zigortuta

Txabi Alvarado Bañares 2025ko eka. 12a, 21:55

Iaz egin zituzten Autoglas-Glavistako langileen azken mobilizazioak. / Aiaraldea.eus

Sententziak "enpresa talde patologikotzat" jo du Guardian eta Parter Capitalen arteko harremana, ELA sindikatuak nabarmendu duenez. 

Autoglas-Glavistako kaleratzeak bidegabeak izan zirela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Epaitegi gorenak aintzat hartu du ELAk aurkeztutako helegitea, eta atzera bota ditu enpresek aurkeztutakoak. Hala azaldu du sindikatuak prentsara bidalitako ohar baten bidez. 

Langile erakundeak azaldu duenez, Auzitegi Nagusiak Guardian eta Parter Capitalen enpresak kondenatu ditu kaleratutako beharginen kalte-ordainak euren gain hartzera. Modu horretan, epaiak bat egiten du iaz Gasteizko lan arloko epaitegiak eginiko ebazpenarekin. 

Sententziaren aburuz, Guardian eta Parter Capitalek ez zuten fede onez jokatu espedientearen kontsulta epean, hainbat dokumentazio entregatzeari uko egin ziotelako, besteak beste.

Gauzak hala, epaiak ondorioztatu du langileei "iruzurra" egin zaiela, eta "enpresa talde patologikotzat" jo du Guardian eta Parter Capitalen arteko harremana. 

Sententziaren aburuz, Guardian eta Parter Capitalek ez zuten fede onez jokatu espedientearen kontsulta epean, hainbat dokumentazio entregatzeari uko egin ziotelako.

ELAren aburuz, ebazpenak bat egiten du langileek behin eta berriro salatu dutenarekin: "Guardian Europe-tik operazio bat antolatu zela Autoglasen jarduerarik gabeko egoera sortzeko, 2020ra arte enpresa harena baitzen, eta une horretan gezurrezko salmenta egin zuen". 

Gauzak hala, sindikatuak "oso positiboki" baloratu du sententzia, eta nabarmendu du Auzitegi Nagusiko epaileetako batek boto partikularra eman duela. Epaile horren aburuz, ELAren helegitea osorik onartu beharko litzateke, kaleratzeak deuseztatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide