Euskadiko Selekzioa ordezkatuko du Jon Luja gazteak datorren asteburuan jokatuko den Espainiako Tenis Txapelketan. Andoni Agirretxe Laudio Tenis Klubeko entrenatzailea izango du aldamenean. Izan ere, Euskal Selekzioko kapitaina izango da Agirretxe Bartzelonako kirol-hitzorduan.
Jon Lujak aise irabazi zuen Donostian jokatutako Euskadiko Txapelketa, kimuen kategorian. 12 urteko gazte laudioarrak ez zuen areriorik aurkitu txapelketa osoan, eta set bakar bat galdu gabe lortu zuen garaikurra altxatzea.
"Azken hilabeteetako dinamika mantendu eta tenis pistan bere maila ematen jakin zuen. Finala ere oso erraz irabazi zuen", azaldu dio Andoni Agirretxe entrenatzaileak Aiaraldea Komunikabideari.
Euskadiko Txapelketa irabazten duen lehenengo laudioarra da Luja. Tenis jokalari gazteak askoz taldekide gehiago eta azpiegitura hobeak dituzten Fadura, Jolaseta edota Laukariz bezalako klubetako jokalariak menderatu ditu, maila oso altua erakutsita gainera.
Andoni Agirretxek harrotasun hitzak besterik ez ditu Jon Lujarentzat: "Pertsonalki ohorea da, Laudioko gazte bat Euskadiko Txapeldun izatea. Bost urte zituenetik naiz bere entrenatzailea eta bere garapena izugarria izan da. Asko maite dut, eta oso harreman ona daukagu".
Jon Luja ez da Euskadiko Txapelketan maila altua erakutsi duen laudioar bakarra. Sare Esturok ere ahalegin handia egin zuen tenis pistan, nahiz eta hirugarren eta laugarren postua ebazteko partidan galdu egin zuen.
Andoni Agirretxe entrenatzaileak Esturoren gaztetasuna azpimarratu du: "2014an jaiotako jokalaria da, bide luzea du aurretik. Txapelketan izandako aurkariak baino urtebete gutxiago dauka. Datorren urtean izango du berriro ere probatzeko aukera".
Espainiako txapelketara
Ostiralean abiatuko da Euskal Selekzioa Bartzelonara, Sanchez Casal Akademian jokatuko den txapelketan lehiatzera. Andoni Agirretxeren hitzetan maila oso altua egongo da bertan. "Espainia munduko tenisaren erreferentea da, maila oso altua dago, bereziki Mediterraneoko erkidegoetako selekzioetan...."
Euskadiko Txapelketan izandako baldintza aldatuko dira Espainiako Txapelketan, lur-zanpatuaren gainean jokatu beharko dute eta. "Esperientziatik ikasi eta ahalik eta hobekien egitea da gure asmoa", azaldu dio Agirretxek Aiaraldea Komunikabideari..