Haizea Urkixo laudioarra Kairora iritsi zen atzo gauean, eta gaur Gazako mugarako bidea hartuko du, ‘March to Gaza’ ekimenarekin bat eginda.
Nazioarteko egitasmo baketsu horren xedea da Rafahko sarrera irekitzeko presioa areagotzea, "nazioarteko erantzuna ez delako tragediaren neurrikoa".
Edonola ere, baketsua izan arren, Egiptoko gobernuaren erantzuna gogorra izan da eta ehunka ekintzaile atxilotu eta batzuk deportatu dituzte jadanik.
Haizea Urkixok berak ere indar armatuen kontrola pairatu du jadanik. Checkpoint (kontrol-puntu) batean gelditu dute hainbat jende (bera barne) eta pasaportea kendu eta argazkia egin diote, gero berriro itzultzeko.
Azkenean, martxan parte hartzen ari direnak autobusetan sartu ditu poliziak eta Kairora bidali nahi dituzte. Edonola ere, ibilgailuak ez dira poliziarenak eta martxistak saiatuko dira hiriburura ez itzultzen. Ekintzaileek uste dute ez dituztela deportatuko, baina ez dakite ziur. Urkixok berak adierazi du sare sozialetan probokazioak jasan behar izan dituztela, nahiz eta jarrera baketsua izan.
Halaber, laudioarrak jakinarazi die senideei zeruan ikus daitezkela Iranek Tel Avivera bidali dituen droneak, armada sionistak hainbat bonbardaketa egin baititu lurralde persiarrean azken ordutan.
Zipretik Egiptora
Atzo Haizea Urkixo Zipren zegoen, Nikosiako unibertsitatean Giza Eskubideen master bat egiten. Laudioarrak aspaldi ezagutzen du Askatasunaren Flotillan egon den Mikel Zuloaga, unibertsitateko praktikak direla eta bere taldearekin elkarlanean aritu izan zirelako orain urte batzuk.
Komunikabideetan martxara joandakoak deportatzen ari zirela ikusita (euren artean Josean Gorbea arabarra) hegazkin bat hartu eta Kairorantz abiatu zen atzo, deportatuak ordezkatzeko asmoz.
Gauean Egipton
Atzo gauean iritsi zen eta aeroportutik ateratzea lortu zuen, baita euskal taldearekin batzea ere. Bertan egin du lo eta gaur goizetik Gazako mugarantz abiatzen ari da.
Beste emakume iruñar batekin doa baina bidea kontrol militarrez josita dago eta Egiptoko Gobernua traba guztiak jartzen ari da martxakideak Sinai basamortua autobusez zeharkatzea eta El Arish hirira heltzea ekiditeko (300 bat kilometro).
Handik, hilaren 15ean Rafah-ko mugarantz oinez joatea (45 kilometro) eta bertan hiru eguneko akanpada bat egitea aurreikusita dute Israelgo blokeo basatiarekin bukatzea eskatzen duen nazioarteko gizarte ekimeneko partaideek.
Dena ondo bidean, Haizea Urkixok berak Aiaraldea Komunikabidearentzat kronikak bidaliko ditu hurrengo egunetan.