La Milagrosa ikastetxeko DBH 4. mailako gazteek azken asteotan sortutako artelanak eramango dituzte bihar Laudioko Herriko plazara. Ez da izango ikasleek euren sorkuntza lanak herritarrekin partekatzen dituzten lehenengo aldia, baina aurten, berrikuntza gisa, ikastetxeko haur eta lehen hezkuntzako ikasle guztiek egindako bat ere egongo da ikusgai.
Kolore bat hautatu eta oihal berean trazo bat marraztu dute eskolako txikienetako bakoitzak. Ostean, klasez klase erabaki dute zein hitzek barnebiltzen duen koadroaren esanahia eta guztiontzat entzungai dagoen audio batean bildu dute.
Nagusiek, aldiz, abangoardiak landu dituzte, eta arteak pertsonen garapenerako duen garrantziaz hausnartu dute ere. Erakusketan, obra bakoitzarekin batera egilearen izena, izenburua, gaia eta QR kode bat egongo dira, eta hori eskaneatuz gero, sortzailearen hitzak entzun ahalko dira, lanari buruzko azalpenak ematen.
La Milagrosa ikastetxeko ikasleek, gainera, herritarrak eurak ere artista bihurtu daitezen nahi izan dute oraingoan. Hori dela eta, mihise handi bat kokatuko dute bihar plazako sarreran, handik igarotzen direnen artean artelan kolaboratibo bat sortzeko asmoz.