Deusto Sports and Society ikerketa taldeko kidea zara.
Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria naiz. Deusto Sports and Society kirol zientzien barruan kokatuta dagoen ikerketa taldea da, kirol eta jarduera fisikoaren alor psikologiko eta sozialak lantzen dituena. Hor barruan, kirol psikologiaren esparruan, badugu ikerketa lerro bat mendiko lasterketetan zentratzen dena.
Bertan, Maite Aurrekoetxea da zuzendaria eta harekin batera Kataluniako Seu d’Urgelleko INEFC Pirineus zentroko Saul Alcaraz ikerlariarekin ari gara lanean.
Badira hamalau urte Deustoko Unibertsitatean lanean hasi nintzela. Hasieran ez zegoen kirol arloari zuzendutako ikerketa talderik. Ikerketa talde orokorra zegoen, osasun arloari erlazionatua. Duela lau urte sortu zen kirolaren alor sozial eta psikologikoa lantzen duen talde hau. Nahiko talde gaztea gara beraz.
Horrela iritsi zineten Zegama-Aizkorri lasterketa ikertzera?
Nire ikerketa ildoa kirol psikologia da, mendiko-lasterketetara eta txirrindularitzara bideratuta nagusiki. Familian mendiarekiko lotura oso estua izan dugu beti, ez mendiko-lasterketei baizik eta mendiari oro har. Duela urte batzuk ekin genion mendi-lasterketak gertuagotik ikertzeari, eta euskaldun bezala, Zegama-Aizkorri lasterketaren bueltan zegoen mistizismoak zeharo harrapatu ninduen.
Zegama-Aizkorri lasterketak Kilian Jornetek esandako esaldi bat darama lotuta: “Zegama is Zegama”. Bazirudien inor ez zela kapaza lasterketa hura zer zen definitzeko. Kataluniako Saulekin askotan komentatu genuen itzela litzakeela Zegamaren inguruko ikerketa bat egitea, baina Zegamako antolakuntza beti egon da ikerketak egitera itxia, eta gure kabuz egitea erabaki genuen.
Arrazoirik bazegoen antolakuntzak ikerketei ateak ixteko?
Behin antolakuntza ezagututa zergatia ulertzen duzu. Antolakuntzan dabiltzanak gizon nagusi talde bat eta euren alabak dira, herriko jendea. Marken gaineko inolako interesik ez dutenak. Inor lasterketan muturra sartzen saiatu den aldiro beti beste interes batzuk ezkutuan bazeudela nabaritu dute. Hori dela eta, nahiko hermetikoak izan dira beti. Ikerketekin berdin, ez dute inoiz jaso jakin-min hutetsik sorturiko ikerketa bat egiteko proposamenik.
Horregatik erabaki zenuten zuen kabuz ikerketa abiatzea.
Gure kaxa hasi ginen. Nahi genuen jakin korrikalariek, ikusleek, herritarrek, antolakuntzako kideek… zelan definituko luketen Zegama-Aizkorri. Bagenekien antolakuntzak ez zituela horrelako kontuak babesten, baina errespetu kontuengatik idatzi genien eta datuak eskuratutakoan elkarbanatuko genituela esan genien. Gutxien espero genuenean antolakuntzako Maialenek idatzi zigun bueltan, eurak ere ikerketa zabalduko zutela esanez. Sare sozialetan birritan edo hirutan zabaldu zituzten guk prestatutako galdetegiak. Hasieratik oso-oso modu irekian aritu dira gurekin.
“Zerk egiten du Zegama-Aizkorri lasterketa berezi? Zegama Zegama dela esaten dugunean, zertaz ari gara?”
Ikerketen munduan sartuta ez gaudenontzat, azalduko diguzue nola egiten den gisa honetako ikerketa bat?
Bi metodologia desberdin baliatu genituen. Lehenengo partean online bidezko galdetegi itxiak erabili genituen: 1etik 10era Zegama-Aizkorriko antolakuntza zelakoa iruditzen zaizun baloratu, identitadeari lotutako baieztapen hauetatik zein ikusten duzu aproposen… horrelako galderak planteatu genituen.
Lehenengo hurbilpen argazkitik haratago, bagenekien horrekin ez zela nahikoa izango. Jakinda hain zaila zela Zegama-Aizkorri zer den definitzea, galdetegi itxi batetik ezinezkoa zen emaitza argirik jasotzea. Hori dela eta, galdera ireki batzuk planteatu genituen bigarren galdetegi batean: Zerk egiten du Zegama-Aizkorri lasterketa berezi? Zegama Zegama dela esaten dugunean, zertaz ari gara? Zerk desberdintzen du Zegama beste lasterketetatik?
Galdetegi hura ireki genuenean bi lagin desberdin topatu genituen. Alde batetik, zenbait korrikalariren erantzunak jaso genituen: Sara Alonso aurtengo txapeldunak galdetegia bete zuen, Aritz Egeak oso jator erantzun zuen ere, baita Salomoneko Biel Rafolsek ere. Korrikalari batentzako Zegama egitea meritu profesional edo ospea lortzeko erronka fisiko bat zen. Baina korrikalarien pertzepzioetatik haratago, inoiz mendiko-lasterketetan airtu ez eta Zegama-Aizkorri ospatzen den egunean bertan dagoen jendearen motibazioa zein zen jakin nahi genuen.
Datu ugari bilduko zenituzten.
Lehenego galdetegia, kuantitatiboa, hiruerhun lagunek bete zuten. Bigarrena, aldiz, berrehunen batek. Bigarrenak esfortzu gehiago eskatzen zuen, idatzi beharra zegoelako. Datuak jasotakoan, orduan hasi zen benetako lana.
Ez da erantzunak irakurri eta titularrak ateratzea bezain erraza. Prozesu luzea da: lehenengo irakurketa batean familiarizazio prozesua deitzen dena egiten da, gero kodifikatu beharra dago, gero hortik gaiak atera, estatistikoki aztertu, portzentaiak begiratu… hiru pertsonen artean egiteko oso lan mardula da.
Maite ikerketako zuzendariak ez du inoiz harreman esturik izan mendiko-lasterketekin. Oso polita izan zen, erantzunak aletu ahala Saul eta niretzat hain familiarrak ziren elementu komunak harekin batera topatzea.
Blokeka ikertuta hiru bloke nagusitan banatu genituen erantzunak: esperientzia sinboliko eta emozionala, ingurune naturala eta, azkenik, antolakuntza eta profesionaltasuna.
Askok lasterketan sortzen den giroarekin erlaziontatzen dute Zegama-Aizkorri. Ingurune naturalaren blokean, beste askok Euskal Herrian mendia ulertzeko dugun nortasunarekin lotzen dute lasterketa. Atal berdinean, kirol-probak suposatzen duen erronka eta sakrifizioa jartzen dute balioan korrikalari askok.
Azken blokean, aldiz, tokiko nortasuna eta kultura jartzen dute balioan erantzunek. Kuriosoa izan zen egiaztatzea ingelesez erantzundako galdetegietan goraipatzen dela gehien lasterketak Euskal Herriko kulturarekin duen harremana. Mundu mailan inpaktua sortu duenaren seinale. Datu guztiak porzesatzen ari gara oraindik, baina erantzun oso interesgarriak jaso ditugu.
“Gaur egun oso zaila da hain gardena den esperientzia bat bizitzea”
Bildutako datuekin Zegama-Aizkorri zer den galderari erantzun beharko bazenio, zer erantzungo zenuke?
Esperientzia sinboliko-emozionala dela esango nuke, kirol esparrua gainditzen duena. Ez da lasterketa bat. Ez dago horrelako beste mendi-lasterketarik munduan. Eta, oro har, gutxi dira tamaina honetako kirol ekitaldiak. Gaur egun oso zaila da hain gardena den esperientzia bat bizitzea.
Zegamako herritarrek nola bizi duten ikertu duzue ere.
Bai, hori bazen neurtu nahi genuen beste zerbait. Zegama-Aizkorri lasterketa Zegaman biztanleria galtzen hasi zirelako antolatu zuten lehenbizikoz, egoera hori irauli nahian. Mailan honetako lasterketa bakarra da munduan boluntarioek aurrera ateratzen dutena. Jubilatuak eta euren alabak dira lasterketaren atzean daudenak.
Zegaman izan ginen bildutako datuak aurkezten, eta antolakuntzako kide batek negarrez aitortu zigun ez direla kontziente zer nolako eragina duen lasterketak mundu mailan. Izugarria da.
Orain dute erronkarik zailena: lortu duten guztia mantentzea. Ikusteke dago zenbat iraungo duen Zegamak izaera propioarekin bizirik. Marka asko dituzte atzetik, diru-galerak izugarriak dira… Urtero-urtero galtzen dute dirua. Kanpotik irudi luke negozio hutsa dela, baina inondik inora, herri oso baten lana da, ez besterik.
Datorren urtean 25 urte beteko ditu lasterketak, eta antolakuntzatik eskatu digute ikerketa prozesua haiekin batera garatzen jarraitzea. Ea Kilian Jornetekin elkarrizketa lortzerik dugun, deituko diotela esan digute, haientzako etxekoa da (barreak). Orain arteko ikerketak lehenengo argazkia eskaini digu, baina adetektatu ditugun elementuekin sko dago sakontzeko . Korrilarien alderdi psikologikoa neurtzea ere asko gustatuko litzaidake, hori zailagoa izango da, baina puntazoa litzake.