Zein da idatzi duzun liburuaren izenburua eta zein generokoa da?
Un día llamado viernes da izenburua eta, berez, eleberri laburra da. Generoari dagokionez, zaila da zehaztea. Batzutean autolaguntza liburua dirudi, baina eleberria da.
Nola sortu duzu testua? Zergatik?
Egun batean etxean, gauez, zerbait egitearren idazten hasi nintzen eta dokumentua amaituta utzi nuen. Gogoak nituen. Egun batzuk geroago berriro heldu nion, entretenigarria iruditu zitzaidan eta idatzitakoari buruz hausnartu nahi nuen. Hainbat orrialde bete arte jarraitu nuen idazten eta gero pentsatzen hasi nintzen. Idazten jarraitu nahi nuela bururatu zitzaidan, baina nolabait egituratu.
Gero editorearekin harremanetan jarri nintzen, zuzentzea eta bideratzea nik egindakoa nahi nuelako. Gehiago idaztean argi neukan zein zen zabaldu nahi nuen mezua eta ondorioa, baina ez nekien nola egin.
Editoreak idatzitakoa genero baten barruan ez zegoela aipatu zidan, eta hori lagungarria izan zen. Sortutakoari buruz eztabaidatu genuen eta bion ondorioa izan zen onena eleberri batean eraldatzea izango zela. Eleberri laburra, istorioa ez delako luzea. Gainera, nik ez nion luzatzeari zentzurik hartzen.
Inoiz ez bazenuen idatzi, zergatik orain?
Nik ere askotan egin diot galdera hori nire buruari. Nire lanean buru-belarri sartuta egon naiz gomendagarria ez den modu batean. Nik nire lana oso gogoko dut. % 100ean inplikatzen naiz, nire izaera da, baina ez dut uste gomendagarria denik. Pandemiaren ondorioz, gainera, are gehiago lan egin behar izan nuen, jende askok bezala. Onartu nuen eta aurrera egin nuen.
Edonola ere, niri gertatu zitzaidan pandemian bertan dolu bat gainditu behar izan nuela. Luzea izan zen eta beranduago konturatu naiz lana horretarako baliatu nuela. Garai horretan lana ihesbide bilakatu zen. Gero ohartu naiz idaztea izan dela lanean egindako gehiegikeriatik ateratzeko modua. Orain nire bizitza orekatua dago. Ama naiz, lan egiten dut, baina aisialdia eta niretzako denbora izatea baloratzen dut eta horretan idazteak bizimodua aldatzen lagundu dit.
"Ez da autobiografikoa, baina nire pentsamenduen zati bat hor dago"
Orduan idaztea ariketa terapeutikoa izan da?
Bai, ez zen hori ideia. Liburuak izugarri lagundu nau, nahiz eta autobiografikoa ez izan. Bizitzaren zenbait arlo landu nahi nituen eta, jakina, lana horien artean dago, eta dirua, amodioa, familia... Gehiegi sakondu gabe, baina hausnartuta.
Nire helburu bakarra idatzita geratzea eta etorkizunean nire semeek irakurtzea zen beraien amak zer pentsatzen zuen jakiteko. Esan bezala, ez da autobiografikoa, baina nire pentsamenduen zati bat hor dago.
Familia, dirua, amodioa… aipatu dituzu, une kritiko batera heldu behar izan zara horri buruz hausnartzeko?
Bai. agian hori 25 urterekin egin behar nuela, eta ez orain konturatu naiz, 45 ditudala, baina erabakiak ezingo ziren berak izan. Nahiz eta aholkuak jaso, adin horrekin pentsatzen eta sentitzen duzunaren arabera erabakitzen duzu. Zuk bide bat edo bestea hartzen duzu emozioen ondorioz; beldurra, tristura… Nahigabe, sentitzen duzunagatik hartzen dituzu erabakiak, modu hotzean, pentsatu gabe. Emozio horietatik aldentzea eta erabaki zuzena hartzea Zaila da. Nik denbora luzea eta esperientzia ugari behar izan ditut horretarako.
Non eros daiteke liburua?
Autoekoizpena da, eta horregatik Amazonen baino ez dago salgai. Aurrerago agian Amerikan eta liburu-dendetan salduko da, baina editorearekin beste urrats bat da eta oraindik ez dut sinatu. Ikusiko dut, badirudi jendeak gogoko duela eta liburu ozeano honetan bere tokia duela.