Gaur 11:00etan hitzordu berezia izan dute Laudio Ikastolako gazteek. Izan ere, EITB Mediak ikastetxeko areto nagusian aurkeztu du Eden soinu fikzioaren bigarren denboraldia. Gaurdanik entzungai dago plataforma guztietan (Spotify, Ivoox...) eta, bereziki, GUAUn, non Euskal Irrati Telebistak bere edukiak partekatzen dituen.
Fantasiaren eta zientzia fikzioaren generoen barruan dagoen podcasta Arabako herri industrial batean girotuta dago eta iaz plazaratu zuten lehen denboraldia. Gaur bertan argitaratu dituzte bigarren denboraldiaren lehen hiru atalak eta laster beste hiruak egongo dira entzungai. Hirugarren denboraldia ere egingo dutela aurreratu dute.
Gonbidatu bereziak Laudio Ikastolan
Ekoizpenaren berri emateko EITBk Laudio Ikastola hautatu du. Izan ere, lurralde historikoan ez dira ugariak herri industrialak. Aurkezpena egiteko, bisitari interesgarriak hartu ditu ikastetxeak.
Lehenik eta behin, Maite Goñi erakunde publikoaren irrati eta audio zuzendariak hartu du hitza, eta horren atzetik Oier Aranzabal proiektuaren arduraduna mintzatu da.
Zalantzarik gabe, Sua Enparantza, Ugaitz Amundarain, Angela Lopez eta Kepa Errasti antzezleak izan dira hitzorduko aurpegi ezagunenak. Berez, Go!azen, Irabazi arte! edota Irati bezalako euskal ekoizpen famatuetan parte hartu dute. Euren hitzartzeetan azaldu dute zein ezberdina den kamara baten aurrean lan egitea eta grabaketa kabina baten barruan egitea, bakarrik.
Rafa Rueda musikariak ere bere lanaren berri eman du, berak sortu baitu atalen musika.
Bukatzeko, ekitaldiaren antolatzaileek haririk gabeko bost aurikular zozkatu dituzte Laudio Ikastolako gazteen artean.