Aldarrikapena eta jaia uztartuko dituzte aurtengo sanpedropekoek, Laudio Harro egunarekin bat eginez

Maider Ramirez Martin 2025ko eka. 24a, 06:30

Suziri Jai Batzordeak bi eguneko jai egitaraua prestatu du. / Aiaraldea.eus

Bi eguneko egitaraua prestatu du Suziri Jai Batzordeak, Udalarekin batera, ekaineko azken asteburuan Sanpedropeko jaiak ospatzeko. LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin kointziditzen du aurten ospakizunak, eta hortaz, aldarrikapenak ere lekua izango du bertan.

Ekain amaieran ospatuko ditu Laudiok aurtengo sanpedropekoak, hilaren 27an eta 28an. Jarduerak ostiralean abiatuko badira ere, larunbata izango da egunik handiena. Gainera, aurten, Laudio Harro eragilearekin batera osatu du jai batzordeak egitaraua, eta larunbat arratsaldean izango du horrek isla.

Ostiraleko egitaraua xumea izango bada ere, motorrak berotzeko balioko zaie herritarrei. Etxeko txikienek ere izango dute ondo pasatzeko tartea, hain zuzen ere, 17:30etik aurrera puzgarriak egongo baitira Aldai plazan. 19:00etan ekingo diote musika taldeek oholtzaratzeari: Caledonian Road talde bilbotarraren txanda izango da lehena, eta rock doinuak zabalduko dituzte plazan. Shiver taldea helduko da ostean, hainbat bertsio eta abesti propioren bat ekartzeko. Walter Ego talde laudioarrak emango dio gauari itxiera.

Larunbatean goizean goizetik abiatuko dira ekintzak, eta gaueko ordu txikitara arte luzatu. 09:00etan emango diote hasiera sukalki eta tortillen ohiko txapelketari, eta bai kuadrillen eta baita herritarren parte hartze handia espero da. 12:00etan buruhandiak aterako dira, haur eta gazteen atzetik korrika eta jolasean. Ordu berean aurkeztu beharko dituzte tortilla txapelketan parte hartu dutenek prestatutako jakiak, eta 12:30ean izango da horien sari banaketa. Sukalkien aurkezpena 13:45ean izango da eta ordu erdi geroago sari banaketa. Prestatutako platerak bazkalduko dituzte ostean, bazkari herrikoian. Arratsaldean izango du Laudio Harrok protagonismorik handiena. Izan ere, Yogurinha Borovak gidatuko du bazkalostea girotzeko bingoa. 18:30etan ekingo diote, ordea, aldarrikapena erdigunean jartzeari eta kalejira aldarrikatzaileak hartuko du herria. Berrikuntza gisa, zezen mekanikoa egongo da ostean, 20:00etatik aurrera. Gaua musika doinuekin amaituko da: Orekka erromeriarekin 22:00etan, eta Pakita Penas DJekin 1:30etik aurrera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide