Noiz eta nola sortu zenuten zuen kuadrilla
Orain dela urte eta erdi gutxi gorabehera erabaki genuen kuadrilla sortzea. Iazko jaiak dagoeneko kuadrillan igaro genituen, baina aurten erabaki dugu kuadrilla modu ofizialean sortzea.
Zergatik erabaki duzue Suziri Jai Batzordean sartzea?
Alde batetik, antolatzen diren ekintzetan parte hartzeko baina baita ere antolakuntzan egon ahal garelako. Egiten diren bileretan iritzia eta ikuspuntua eman dezakezu, bai dagoena hobetzeko, edo zerbait aldatzeko.
Zergatik uste duzue joan direla sortzen kuadrilla berriak azken urteetan, hainbat urteren ostean?
Gure ustez jende gazteak ekintzetan parte hartu nahi duelako eta kuadrilla bat sortzea da horretarako onena. Gure ikuspuntua emateko aukera izatea ere positiboa iruditzen zaigu.
Sanpedropekoetan estreinatuko zarete kuadrilla gisa. Horien antolakuntzan parte hartu duzue? Zer modu joan da?
Egin diren bileretara joan gara eta gure iritzia eman dugu bertan. Ondo daude kuadrilla guztiok egoteko prestatzen ari denaren jakinaren gainean, eta ez gutxi batzuk bakarrik. Proposamen batzuk ere egin ditugu. Egunean bertan, momentuz, ez dugu ardura zehatzik hartuko, baina edozertan laguntzeko prest gaude.
Zer espero duzue sanpedropekoetatik?
Lehen jaiak izanik dinamika nolakoa den ikusteko baliagarria izango zaigu: laguntzera eta ondo pasatzera goaz!
Eta sanrokeetatik?
Aurten beste modu batean disfrutatuko ditugula uste dugu. Jaietan parte hartzeko beste modu bat da, barrutik gauzak antolatzea eta horietan parte hartzea aberasgarria izango da.
Zer berri ekarri ahal dio zuen kuadrillak jai batzordeari?
Bai guk eta baita kuadrilla guztiek ere eman dezakeguna da iritzi berriak ekartzea eta jaiak ahalik eta onenak izan daitezen proposamen on batzuk.
Zerbatik gehiago gehitu nahi duzue?
Ahal dugun guztia disfrutatuko dugula eta edozertan laguntzeko prest gaudela.