Noiz eta nola sortu zenuten zuen kuadrilla?
Pasa den urteko Laudioko jaietan abiatu zen ideia. Gure kuadrillako bat, Iker Trujillo, guregana etorri zen eta proposamena bota zigun. Gero jendea biltzen hasi zen: guk neska gehiago egotea nahi genuen eta beste batzuek mutil gehiago egotea… eta azkenean 69 kide gara. Arrankudiagako neska bat eta Orozkoko hiru kide daude, eta gainontzekoak Laudiokoak gara.
Zer dela eta erabaki duzue Suziri Jai Batzordearen barruan sartzea?
Giroa kanpotik ikusten genuen eta pentsatzen genuen “egiten diren ekintza eta jolasei kanpotik begiratzea jada dibertigarria bada, barrutik bizitzeak are hobea izan behar du”. Laudioko jaietan barrurago egoteko aitzakia zen. Baita antolakuntzan laguntzeko ere, noski.
Zergatik uste duzue joan direla sortzen kuadrilla berriak azken urteetan, hainbat urteren ostean?
Nik uste dut kuadrilla oso txikiak daudela, gurea salbu, argi dago (barreak). Baina guk ez genuen sortu kuadrilla betiko jendearekin egoteko, baizik eta jende ezberdinarekin elkartzeko. Adibidez, inauterietan dagoeneko laupabost kuadrilla elkartu gara, eta beharbada hainbatek ez zuten ia elkar ezagutzen, baina egia da orain talde polita osatzen ari garela, eta familia handi moduko bat osatzeko bidean gaudela. Jai batzordean kuadrilla berriak sortzea bidea irekitzen du hurrengo belaunaldietako jendea animatzeko eta honen parte izateko.
Sanpedropekoetan estreinatuko zarete kuadrilla gisa. Horien antolakuntzan parte hartu duzue? Zer moduz joan da?
Kuadrillako bi ordezkari joan gara bileretara, batez ere bozka ematera. Berriak gara eta oraindik dinamika nolakoa den ikusten ari gara. Bagenuen kulero eta kaltzontzilo lasterketa egiteko asmoa, baina azkenean ez dugu orain egingo. Agian abuztuan berreskuratuko dugu, sanrokeetan.
Aurten beste kuadrillei laguntzen ibiliko gara gehien bat, eta datorren urtetik aurrera ekintzak antolatzeari ekingo diogu.
Zer espero duzue sanpedropekoetatik?
Espektatiba handiak ditugu kuadrillako kide guztiek. Jantzia aterako dugu lehen aldiz, eta saiatu gara zerbait ezberdina bilatzen. Hainbeste kuadrilla egonda zaila da kolore berriak edo ezberdinak bilatzea. Oso ondo pasatzera goaz, edo behintzat horretan saiatuko gara (barreak).
Eta sanrokeetatik?
Gauza bera, ondo pasatzea. Kide asko gara kuadrillan eta nahi duguna da giro ona egotea guztion artean, guztiok guztiokin egon ahal izatea, eta disfrutatzea.
Zer berri ekarri ahal dio zuen kuadrillak jai batzordeari?
Ideia onak ditugu, gero kontua da horiek egitea eta parte hartzea. Kuadrillarik gazteena gara, 18 urte bete berri ditugu eta jairako dugun gogoa nabaria da.
Zerbatik gehiago gehitu nahi duzue?
Besterik gabe, gogotsu sartuko garela aurtengo jaietan!