Skabidean, Izatefaltsua eta Zinkhak jarriko diete soinu banda Ugarteko jaiei

Txabi Alvarado Bañares 2025eko ekainaren 25a

Auzokideen elkargune izango dira Ugarteko jaiak. / Aiaraldea.eus

Uztailaren 31tik abuztuaren 3ra izango dira festak Laudioko auzoan, eta egitaraua goizetik gauera arte luzatuko da egun guztietan.

Ez dute atsedenerako tarterik utziko Ugarteko jaiek. Uztailaren 31tik abuztuaren 3ra luzatuko dira auzoko festak, eta egitarauak goizetik gauera arte iraungo du lau egunetan.  Nahita egin dute horrela. Jai Batzordeko kideentzat “oso garrantzitsua” da “lau egunak biziak edo intentsuak izatea”.

Horretarako, adin ezberdinetako pertsonentzako ekitaldiak egingo dituzte uneoro. “Hori duela pare bat urtetik hona lortu dugun zerbait dela uste dugu eta, egitaraua ikusita, agerikoa den zerbait da”, nabarmendu diote Aiaraldea Komunikabideari.  

Funtsean, aurreko urteetako hezurdura bera izango du aurtengo ospakizunak, ohiko osagaiekin: futbito txapelketen finalak, herri bazkaria, azoka, tortilla txapelketa edota herri kirolak, besteak beste.  Musika eskaintza izango dira, seguraski, arreta gehien deituko duena. Auzo txikia izateko, puntako taldeak ekarri dituzte azken urteetan, eta aurten ere hala izango da. Skabidean taldeak jarriko dio erritmoa ostiral gauari, Izatefaltsua metal boskote amurrioarraren ostean. Larunbatean, aldiz, Zinkha, Nonbait erromeria eta Pakita Penas igoko dira plazako oholtzara.

Urte osoko lana

Jaiak abuztuan izan arren, antolatzaileek ez dute atseden handirik hartzen urtean zehar. Azaldu dutenez, irailean hasten dute prozesua, jaien balorazio orokorrarekin. “Bilera horretan hurrengo jaietan errepikatuko duguna eta egitarautik kenduko duguna erabakitzen dugu gutxi gorabehera”, zehaztu dute. 

Azaroan hasten dira hurrengo festak antolatzen. Ideia zaparrada egiten dute lehenbizi, ekintzak proposatzeko. Ondoren, hilero biltzera pasatzen dira, eta ardurak banatzen dituzte batzordeko kideen artean. Bilera batetik bestera, WhatsApp taldearen bidez koordinatzen dituzte koordinatu beharrekoak. 

Apirilean sakatzen diote motorrari. Bi astean behin biltzera pasatzen dira, egitaraua pixkanaka ixteko. Modu horretan lortzen dute programa ekainerako izatea. Baina lana ez da hor amaitzen. Behin egitaraua plazaratuta, bizilagunekin hitz egiten hasten dira, “euren parte hartzea sustatzeko helburuarekin”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide