Ateak itxita esnatu da gaur Laudioko Udal Merkatua, eta aurreikuspenen arabera horrela jarraituko du datozen egunetan ere. Gauean merkatuko sabaia behera erori eta erabilgaitz utzi du espazioa.
Segurtasun kameretako irudien arabera, 22:30ak aldera gertatu da ezbeharra. Merkatuko saltzaileek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, denbora zeramaten sabaiaren egoera kaxkarraz ohartarazten. Gertatutakoa "arazo askoren pilaketaren ondorio" dela azaldu dute. Izan ere, espazioak hezetasun arazo ugari ditu, gainean duen eta hutsik dagoen etxebizitzatik eratorriak. Hori gutxi ez, eta merkatuko aireztapen hodiak eta aparatu elektrikoak pladurrezko sabai-faltsura iltzatuta zeudela seinalatu dute merkatariek.
Udala, bere aldetik, egoera aztertzen eta erantzukizunak zehazteko lanetan ari da. Tokiko erakundetik Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez "zerbitzua lehenbailehen berreskuratzen" saiatuko dira.
Laudioko Udal Merkatuko sabaia behera erori da gauean, kalte material ugariak sortuz. Merkatua itxita egongo da gaur, eta aurreikuspenen arabera horrela jarraituko du datozen egunetan ere.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) June 26, 2025
Informazio gehiago hemen https://t.co/anUvtQ5XCj pic.twitter.com/0RBydXDd2V
Istripua gauean gertatu izanagatik generoa hotz-ganberan babestuta aurkitu dute merkatariek, baina merkatuko azpiegitura salmentarako erabili ezin badute gehiena bota beharko dutela azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari. Oraindik kalteen tamaina baloratzen ari dira, eta ez dakite merkatuak noiz zabaldu ahalko dituen berriz ateak.
Albistea eguneratzen joango gara.