Irekita dago Laudioko Jaietako kartela bozka herritarraren bidez aukeratzeko epea. Bizilagunek uztailaren 6ra arte dute botoa emateko aukera, Udalaren webgunean edota udaletxeko sarreran jarritako hautestontzian.
Hiru kartel daude helduen kategorian eta zortzi haurrenean. Lehenengo modalitatean boto gehien jasotzen dituen afixa bilakatuko da aurtengo Sanrokeetako irudi ofiziala, eta bere egileak 1.200 euroko saria jasoko du. Umeen artean gailentzen dena, aldiz, 250 eurotan baloratutako material didaktiko sorta eskuratuko du, udalerriko dendetan erositakoa.