Hardcore Hits Cancer jaialdiaren V. edizioa irailaren 20an izango da

Aitor Aspuru Saez 2025ko uzt. 3a, 15:00

Jaialdiaren antolatzaileetako bi, kartela eskutan. / HHC

Hertx, Erruki Jauna, Milícians, Turbofuckers, Zutik eta Malacopa taldeek joko dute. Horrez gain, kamiseta berezia prestatuko dute elkartasun ekimenerako.

Hardcore Hits Cancer jaialdia V. ediziora helduko da irailaren 20an. AFANOC elkartea laguntzea helburu duen egitasmoa Sorgin Tabernan egingo dute berriro eta eguerdian hasiko da bermut kontzertu batekin. Zita horretan Hertx izango da protagonista. Gasteiz, Bilbo eta Arrigorriagako kideak ditu banda horrek, hardcore melodikoa jorratzen dute eta 13:00etan ekingo diote.

Gauean tokiko bi talde igoko dira oholtzara: Erruki Jauna eta Zutik. "Talde guztiak dira lagunak eta Erruki Jaunak Kataluniako adiskideekin argitaratu du diskoa. Zutikek iaz Portugaleten egindako Hardcore Hits Cancerren kontzertuan jo zuen eta aurten Laudion egitea ahalbidetu dugu", argitu du Isra Fernandezek, antolakuntzako kideak.

Horrez gain, kanpoko musika proiektuak ere bertaratuko dira. Bik errepikatuko dute. Turbofuckersek jadanik jo du jaialdian eta iazko bermutean aritu ziren Malacopa ere sartu dituzte kartelean. "Iaz lan txukuna egin zuten eta jendea pozik geratu zen eurekin, hortaz, merezi zuten gaueko kontzertuan egotea", azaldu du Fenandezek.

Azkenik, Milícians streetpunk eta oi! taldea ere gonbidatu dute zuzenean jotzeko.

Kamiseta bereziak eta laguntza gehiago

Aurtengo kontzertura begira, antolatzaileek aurreratu dute kamiseta berezia sortuko dutela dirua biltzeko. Gogoratu beharra dago merchandising horren bitartez lortzen dutela AFANOC elkartea laguntzeko bitarteko ugari eta horrela errazten dute bere lana: minbizia daukaten adingabeen familiak babestea ekonomikoki.

Halaber, Isra Fernandezek azpimarratu du tokiko enpresa gero eta gehiagok babesten dutela ekitaldia eta oso eskertuta daudela. Iaz 4.500 euro eskuratu zituzten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide