Aurrekontuetan eta parte hartze prozesuetan adostutakoa ez betetzea leporatu dio Laudioko EAJk EH Bilduri

Erredakzioa 2025ko uzt. 3a, 17:00

EAJren udal taldea. / EAJ

EAJren ustez, Laudioko udal gobernu taldeak ez ditu egikaritu aurrekontuetan beste talde politikoekin lortutako akordioak, ezta elkarlaneko aurrekontuetako ideiak ere.

Laudioko EAJk prentsa oharra zabaldu du kritikatzeko, bere aburuz, EH Bilduk ez dituela bete aurrekontuetan islatutako konpromisoak; ez herritarrekin hartutakoak, parte hartze prozesuen bidez, ezta oposizioko taldeekin adostutakoak ere. 

Zehazki, jeltzaleek salatu dute honako partida hauek ez direla egikaritu: Gaztelekurako inbertsioak, adinekoentzako jantokia, haur-parkeak hobetzeko plana, Jesus Guridi plazarako proiektua idaztea edo tailer kulturaletarako partida handitzea.

"75.000 euro gehiago adostu zituzten kulturarako, eta gastu gehigarria 6.700 eurokoa izan da. Jesus Guridirentzat proiektuaren idazketa bultzatzea adostu zuten, eta ez da euro bakar bat ere bideratu", adierazi du Maite Cortazar zinegotziak.

Honako proiektu hauek ez direla garatu ere adierazi dute jeltzaleek: industrialdeak egokitzea, eraldaketa digitala, argiteria publikoa ordezkatzea, egoitza zaharra eraberritzea, Latiorroko sumendiaren inguruan esku hartzea, rokodromoko bainuak, futbito-eremua estaltzeko proiektua, Arraño auzorako hirugarren sarbidea edo Arrañoko gaztelua birgaitzea.

Hori egin ordez, EAJk kritikatu du egungo udal gobernu taldeak aurreko legealdiko proiektu handiak bultzatu dituela soilik: Laudioko Antzokia, Abasto plaza eta Lamuza Parkearen birgaitzea, alegia. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide