Laudioko Udalak jakinarazi du Soziedad Alkoholika taldeak joko duela sanrokeetan abuztuaren 28an. Berez, parte hartze prozesuaren emaitza izan da erabakia, baina uste baino katramilatsuagoa izan da banda gasteiztarraren aldeko hautua.
Izan ere, trash eta metal taldea ez zen aukera bozkatuena, baina boto gehien jaso zituen taldea baztertzea adostu du Udalak jai batzordearen eta ospakizunen antolakuntzan aritzen diren eragileekin.
“Bozketa prozesua abiatu zenetik, sareetako eduki batzuek alarmak piztu zituzten herriko hainbat mugimendu eta eragileengan abuztuaren 28rako ateratako musika taldearekin. Hori dela eta, bozkatuen izan den bigarren aukera lehenetsi da, hala adostu delako ere jaietako lan taldearekin eta baita herriko eragileekin ere”, zehaztu du Sonia Respaldiza zinegotziak.
Alboratutako taldearen hitzek ez zuten bat egiten Laudioko jaietan sustatu nahi duten giro eta filosofiarekin, azaldu dutenez.
Berez, Soziedad Alkoholikak behin baino gehiagotan jo du Laudion bere ibilbidea hasi zuenetik, bai Skuatean zein kontzertu handietan (Aretako frontoian, adibidez) eta abuztuaren 28an banda beteranoa ikusteko parada berria egongo da.