JON RIVERA AULESTIA

“Nuen helburua jada bete dut, kategoria mantentzea da orain erronka”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko uztailaren 11

JON RIVERA AULESTIAk (Laudio, 2010) Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa irabazi du Junior kategorian. Estatuko 14 onenen artean lehiatuko da datorren denboraldian.  

Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa irabazi duzu. Nola baloratzen duzu lorpena?

Lehen egunean sailkapena izan zen. Uztaiarekin, pilotarekin eta mazoekin lehiatu nintzen. Uztaiarekin aritu nintzen lehenbizi, eta pozik atera nintzen, guztiz ondo egin ez nuen arren. Gero mazoak eta pilota egin nituen, eta oso ondo atera zitzaizkidan. Hiruren puntuazioak batuta bilakatu nintzen Espainiako txapeldun, eta hiru modalitateetako finaletara sailkatu nintzen, sei onenak baitoaz bertara. 

Hurrengo egunean izan ziren finalak, eta oso ondo moldatu nintzen. Hirugarren postua lotu nuen uztaiarekin eta pilotarekin, eta mazoekin lehen postua lortu nuen. 

Oso pozik nago, eginiko lan guztiaren saria izan delako. 

Baina honakoa ez da podiumera igo zaren lehen aldia, ezta?

2021tik daramat Espainiako Txapelketan parte hartzen. 2023an hirugarren postua lortu nuen Santanderren, uztaiarekin. 

Zeintzuk dira esku artean dituzun hurrengo erronkak?

Denboraldia orain amaitu da, eta datorren otsailean hasiko da berriz, ekainera arte. Lehen kategoriara igotzea lortu dut, zeinetan 14 onenak dauden. Gauzak hala, nire helburua izango da bertan mantentzea, lehen zortzien artean, azken seiak jaitsi egiten direlako.  
Hori da nire helburua. Datorren urtean oso zail izango dut ezer gehiago lortzea, onenen aurka neurtuko naizelako. Gainera, gazteena nahiz kategoria horretan. 17 urtetik gorakoak daude bertan. Hiru senior onenak eta hiru junior onenak igotzen dira bertara. 

Asko aldatuko da zure egunerokoa kategoria igoeraren ondorioz?

Dena izango da berdina, baina orain arte hiru aparatu egin ditut eta datorren urtean lau egin beharko ditut, zinta gehituta. 

"Datorren urtean oso zail izango dut ezer gehiago lortzea, onenen aurka neurtuko naizelako"

Zer moduz moldatzen zara zintarekin?

Tira, iaz egin nuen eta…

Tresna guztien artean bataz besteko on bat lortzea izango da helburua.

Bai. Sailkapen orokorra da garrantzitsuena. Lau ariketa on izatea da helburua, eta denak ondo egikaritzea. 

Zertan moldatzen zara hobekien?

Mazoekin edo uztaiarekin. 

Aresketa klubean hasi zinen gimnasia artistikoa praktikatzen. Zer nolako bilakaera izan duzu ordutik hona?

7-8 urterekin hasi nintzen bertan, nire arreba ere hor zegoelako. Izena eman nuen eta gustatu zitzaidan. Hasieran 1-2 ordu entrenatzen nituen astean, baina gero gehiago entrenatzeari ekin nion. 2021ean kategoria absolutura igo ninduten, eta Espainiako Txapelketara joan nintzen lehenbiziko aldiz. 2022an eta 2023an berdin. Azken urte horretan Euskadiko Txapelduna izan nintzen sailkapen orokorrean, eta aurten ere lortu dut. 

Zure haurtzaro eta gaztaroaren zati handiena igaro duzu kirol hau praktikatzen. Noiz igaro zen zaletasun huts bat baino gehiago izatera?

Hasieran denbora pasatzera joaten nintzen, baina denborarekin ikusi nuen gauza serioagoa bilakatzen ari zela . Kategoria absolutura igo nindutenean konturatu nintzen ezin nielako entrenamenduei hutsik egin, konpromiso bat izan behar nuen. 

"Autoan bazkaltzen dut 16:00etan entrenamendua dudalako. Egun batzuetan 20:30ean amaitzen dut eta beste batzuetan 21:00etan edo 21:30ean. Ateratzean etxera joan, afaldu eta klaseko lanak egiten ditut, eta lotara"

Zerk motibatzen zaitu kirol honetatik?

Arduratsuagoa bilakatzen nauela eta hobeto antolatzen laguntzen didala. Ez dut tarte askorik ikasketetarako, eta hobeto antolatzen ikasi behar izan dut. 

7:50ak aldera jaikitzen naiz beti. Klasera noa 8:55etatik 15:00etara. Autoan bazkaltzen dut 16:00etan entrenamendua dudalako. Egun batzuetan 20:30ean amaitzen dut eta beste batzuetan 21:00etan edo 21:30ean. Ateratzean etxera joan, afaldu eta klaseko lanak egiten ditut, eta lotara. 

Eguneroko neketsua dirudi. Hala da?

Ez, asko gustatzen zait (barreak). 

Zein da zure helburua epe ertain-luzera begira?

Une honetan ez dakit, nuen helburua jada bete delako. Horregatik, kategoria mantentzea da orain dudan erronka bakarra. 

Zerk uste duzu ekarri zaituela honaino?

Konstantziak, egunero ondo entrenatzeak. Noski, badaude egunak zeintzuetan ez dudan horretarako gogorik, baina berdin joan behar naiz, eta ahalik eta hobekien egiten ahalegindu. 

Kirol honek badu baita zati artistiko bat. Zer da garrantzitsuena?

Denaren batura bat da. Ariketek minutu bat eta 30 segundo iraun behar dute, eta badago kode bat markatzen dizuna ariketa bakoitzak zer izan behar duen nahitaez. 

Estrategia bat jarraitzen duzue orduan?

Zailtasuna, artistikoa eta exekuzioa dira baloratzen diren alorrak, eta hobekien moldatzen zaren horrekin jokatu behar dugu. Ni, adibidez, zati artistikoan edo tresnaren maneiuan moldatzen naiz hobekien. Bakoitza hobekien datorkion horretara jotzen du gehiago. 

Pilotako finalean, adibidez, abantaila nabarmena neukan. Horregatik, entrenatzaileak planteatu zidan arrisku gutxiagoko zerbait egitea, podiuma ziurtatzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide