Omnia alderdi independenteak ohar bidez jakinarazi du uste duela ezinbestekoa dela udal lantalde bat sortzea terrazen araudiari dagokionez. Izan ere, Omniak berak azaldu duenez, 2022an onartu zuten ordenantza berria, baina ez dute inoiz indarrean jarri.
Berez, Omniak azaldu du terrazen arauak Espazio Publikoaren Arautegi berriaren barruan egin zuela aurrera, baina ez dela inoiz baliatu. "Horren arrazoi nagusia da araudia aplikatzeak eragozpen eta kalte asko eragingo lizkiekeela Laudioko ostalariei", azpimarratu du alderdiak.
2023ko otsailetik linbo legal batean
Omniak berak argitu duenez, 2023ko otsailean Laudioko Udalak berak bidali zien gutuna ostalariei terrazen baimenak eskatzeko, baina gero ez zien erantzun bidalitako eskaerei eta orduan sortu zen gaurdaino heldu den "linbo legala".
Alderdi independenteak ez du hori kritikatu, eta berretsi du uste duela "indarrean dagoen ordenantza, terrazei dagokienez inoiz aplikatu ez dena, zaharkituta geratu dela zenbait alderditan".
Omnia udal gobernu taldean
Omniak berak azaldu du zein izan zen bere jarduna esparru horretan udal gobernu taldeko kide izan zenean: "Sustapen Ekonomikoko zinegotzigoarekin (ostalaritza dago bertan) eta irisgarritasun-zinegotzigoarekin geundela, Omniatik estrategia bat lantzen eta ordenantza aldatzen aritu ginen; izan ere, Covid delakoaren ondorioz, ohiturak aldatu ziren eta bezeroek gero eta gehiago eskatzen zuten kalean egotea".
Hori dela eta, aldi baterako neurriak eskatu ditu alderdiak egungo ordenantzaren eraginak murrizteko, eta ordenantza aldatzea ere proposatu du.
Agerian geratu den egoera
2022ko araudiak sortutako hutsunea ekainean azaleratu zen. Izan ere, negozio baten jabeak alboan duen tabernaren terrazaren kontrako salaketa jarri zuen eta, horren ondoioz, zenbait egunez kendu behar izan zuten, berriro legeztatu arte.