Nerea Castaño eta Asier Handy sortzaileek saio irekia egin zuten ostegunean Faktorian. Izan ere, bertan egin dute egonaldia eta irailean erakusketa prestatuko dute.
Osteguneko ekimenak, ordea, estudio irekiaren eredua jarraitu zuen, piezak zein sortzeko bidea ezagutarazteko. Artistek erakutsi zuten nolako ingurua atontzen duten euren ideiak gauzatzeko.
Modu horretan, Asier Handy goiko solairuan aritu zen bere margoen berri ematen. Bisitariek galderak egin zituzten eta Handyri itaundu zioten, adibidez, erabilitako koloreei buruz, esparru horretan saltoa egin baitu.
Nerea Castañok, aldiz, Faktoriako barruko aretoa hartu zuen. Bertaratutakoek jakin-mina azaldu zuten, margoak alde batera utzi eta eskulturara jo duelako. Castañok berak argitu zuen eskulturek eta margoek elkarrizketa sortzen dutela eta ez dutela elkar baztertzen.
Oso bestelako prozesu eta adierazteko moduak izanik ere, bi sortzaileek azpimarratu zuten Faktoriako egonaldia oso emankorra izan dela, tokian sustatutako errespetu giroagatik. Halaber, ziurtatu zuten horrelako espazio gutxi daudela Euskal Herrian.
Artistek euren azalpenak amaitu eta gero, solasaldi informala egin zuten guztien artean eta gai oso garaikideak landu zituzten, artea eta sorkuntza ogibide bilakatzearen zailtasuna, adibidez.
Argazkiak: Ander Huidobro