Fabian Hernandez pozik dago astebete igaro duelako Bartzelonan argazkiak egiten Europako Petanka Txapelketetan, bai junior kategorian, zein 55 urtetik gorakoenean. Laudioarrak azaldu du kirola beste modu batean ikusteko balio izan diola: "Txapelketa erregionalak ondo daude, baina munduko jokalari onenak ikusteko aukera izan dut, Youtuben ikusi ditudanak, eta horrek bestelako ikuspegia ematen du".
Hernandezek irudiak hartu ditu Espainiako Petanka Federazioarentzat eta bere sare sozialetan daude ikusgai. Izan ere, Gaztela eta Leonen lehiatzen den aiaraldearra saiatu da argazkigintza kirol horretan praktikatzen eta aurretik Espainiako Txapelketetan egon da. Zoritxarrez, federazioaren argazkilari ofiziala zendu da, eta berari eskaini zioten bere tokia hartzea Europako Txapelketan.

"Niretzat egindako lana aitortzea izan da eta esperientzia oso ona izan da. Lehen egunean heldu ginen eta gure hotelean Frantziako edota Belgikako jokalariekin egin nuen topo", azaldu du Hernandezek.
Aintzat hartuta Frantziako selekzioa dela munduko potenteenetako bat, eurekin aritzeak bestelako ikuspegia eman dio laudioarrari: "Hotelean denak ziren oso jatorrak eta atseginak, harik eta txapelketan sartu ziren arte. Une horretatik aurrera kontzentrazio osoa behar dute jaurtiketa onenak egiteko eta ez dute inor ezagutzen, ezta ama ere. Jokoan kontzentratzen dira eta edozein mugimenduk izorratu ahal ditu. Batzutan publikoari eskatzen diote ez mugitzeko, arreta galdu ez dezaten".
Testuinguru zail horretan, dena den, Fabian Hernandez eroso mugitu da: "Nik ere jokatzen dut petankan eta badakit non jarri behar nintzen parte-hartzaileak ez izorratzeko".
Argazkilaria Laudion
Fabian Hernandezek eskarmentua dauka argazkiak egiten eta hainbat urtez Laudioko jaietan egin zituen. "Jendeak gogoko zituen eta eskatzen zizkidan", oroitu du.
Laudiori dagokionez, aitortu du nahiko lukeela klub bat sortzea herrian petankan lehiatzeko.