NAGORE GOMARA

"Pentsatzen nuen 2016. urtean FARC eta gobernuaren artean sinatutako bake akordioa aurrera zihoala. Oker nengoen"

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 31

Nagore Gomara, bigarrena eskuinetik hasita, Euskal Herritik joandako gainontzeko ordezkaritzarekin.

NAGORE GOMARA (Laudio) Kolonbian egon da zinegotzi gisa, Babesarea osatzen duten beste hiru udal ordezkarirekin. Han gertatzen ari diren giza eskubideen urraketen lekukotzak jaso ditu eta ezuste ezatsegina izan du ikustean bake akordioek ez dutela aurrera egiten. Hala eta guztiz ere, itxaropentsu itzuli da, ikusita herri kolonbiarrak indarra duela aurrera egiteko eta borrokatzeko.

Kolonbian egon zara udal ordezkari gisa, zein izan da zure eginkizuna?

Giza eskubideen egiaztapen misio bat egiten egon naiz. Misioaren helburua Kolonbian ematen ari den giza eskubideen urraketaren egoera hobeto ezagutzea eta ulertzea izan da. Bertan, monitoretza lana egin dugu, eta gizarte-erakundeen, nekazarien, giza eskubideen erakundeen, emakumeen erakundeen, sindikatu erakundeen eta abarren informazio garrantzitsua bildu dugu. 

Nola sortu da giza eskubideen urraketa anitzen ikuskari lana egiteko aukera?

Aurten, lehenengo aldiz, Mundubat Fundazioak egiaztapen misio hau antolatu du Herri Babesarea osatzen dugun udalerrietako arduradun politikoentzat. 

Laudioko Udalak 2021. urtetik hona parte hartzen du Herri Babesarean (giza eskubideen defendatzaileen babeserako euskal udal sarea da). Sare honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 14 udalek parte hartzen dugu. 

"Kolonbian 2016. urtean sinatu ziren bake-akordioak ez dira inoiz martxan jarri"

Sareak udal-administrazioen, euskal gizarte-erakundeen eta hegoalde globaleko giza eskubideen defendatzaileen erakundeen arteko ahaleginak koordinatzea dauka helburu, tokian tokitik giza eskubideen defendatzaileen babesa sustatzeko asmoz. 

Kolonbia aukeratu da Herri Babesarearen Foro Ibiltari guztietan egon den herrialdeetako bat izan delako, eta azken urte hauetan, Euskal Herrira erakunde gehien ekarri dituena izan delako. Laudioko udaletxean, adibidez, Kolonbiatik etorritako giza eskubideen defendatzaile bat izan genuen duela hilabete batzuk. 

Kolonbiaren egoera aldakorra izan da azkenaldian: 2016. urtean sinatu ziren bake-akordioak ez dira inoiz martxan jarri, eta hango gobernuak kolore politikoa aldatu arren, giza eskubideen urraketak bere horretan dirau. 

Zer egin duzue zehazki helburu hori betetzeko?

Hainbat eragilerekin bildu gara, eta bisitatu ditugun herrialdeak Quibdo, Viota eta Bogota izan dira. Lurralde bakoitzak bere testuinguru espezifikoa eta propioa du, eta aldez aurretik, hau ere landu beharreko zerbait izan da. 

Bisitak hurrengo ardatz nagusiak izan ditu:

  • Lurraren, Lurraldearen eta Ingurumenaren Defentsa: Gai hau jorratzeko, Fensuagro bisitatu genuen. Nekazarien eskubideak defendatzen dituen elkartea da eta elikadura burujabetzaren aldeko aldarrikapena egiten du.
  • Giza Eskubideen Defendatzaileak: Espacio de Cooperación para la Paz, DePaZes y Comité de Impulso del Movimiento Social por la Paz y de Paz Con Todo, Corporación Jurídica Libertad, Comité de Solidaridad con los Presos Políticos, Somos defensores…
  • Emakumeen Giza Eskubideen urraketa-egoera eta LGTBIQ+ eskubideak defendatzen dituzten erakundeak: Mesa de Mujeres, Mujer y Vida, Ruta pacífica de las Mujeres, Red de Mariposas de Alas Nuevas Construyendo Futuro…

Nolakoa izan da esperientzia? Zerk erakarri du zure arreta bereziki eta zer nolako iritzi edo eskarmentu ekarri duzu?

Primerakoa izan da esperientzia eta oso-oso aberasgarria. Batzutan bizipenak gogorrak izan dira, batez ere, lurralde batzuetako herritarrek pairatzen ari dituzten indarkeria motengatik. Bake akordioaren blokeoak eta gobernu eskuindarraren eraginak azken urteetako egoera kaltetu besterik ez du egin.

"Ez dago Kolonbia bakarra, Kolonbia asko daude. Lurraldea edo zonaldearen arabera, egoera erabat desberdina da" 

Beste batzuetan, aldiz, itxaropentsua izan da, bidea oraindik luzea bada ere, lidergo handia eta borrokarako grina dagoelako; herriak bakarrik salba dezake herria gizarte eta herri antolatuaren bidetik. 

Deigarriena izan da agian ez dagoela Kolonbia bakar bat, Kolonbia asko daude. Lurralde edo zonaldearen arabera, egoera erabat desberdina da. Ez da gauza bera Cartagena bisitatzea ala Chocoko eskualdea (Quibdo).

Misiora joan aurretik pentsatzen nuen 2016. urtean FARC eta gobernuaren artean sinatutako bake akordioa, zailtasunak zailtasun, aurrera zihoala. Oker nengoen. Akordioa blokeatuta dago aspaldi hainbat arrazoiengatik. 

Quibdonen, adibidez, bake akordioa ez betetzeak eta herritarren oinarrizko beharrak asetzeko politika publikoen faltak lurraldearen kontrola bereganatzeko talde paramilitarren sorrera eragin du. Ondorioz, giza eskubideen urraketa larriak gertatzen ari dira, eta haien babesa asko oztopatu da. Izan ere, publikatuko den txostenean, misioaren ondorioak jasoko dira. 

Orain lana amaitu behar duzue Euskal Herrian, zer egingo duzue?

Bildutako informazio guztiarekin egoerari buruzko txosten bat egingo dugu, eta txosten hori hainbat euskal erakundetan aurkeztuko dugu; orientabide gisa, Giza Eskubideen eta Biktimen Zuzendaritzan; Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean; aldundietan; eta Herri Babesareko udaletan. 

Laudioko Udalean lanketa propio bat egingo dugu egoeraren berri emateko. Asmoa da irailetik aurrera honekin jartzea.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide