Mihi urdina gaixotasun birikoaren zenbait kasu detektatu dituzte Laudioko etxaldeetako abereetan. Horrela jakinarazi dio Arabako Foru Aldundiak Aiaraldea Komunikabideari. Foru Gobernuaren hitzetan, "tantaka ari dira kasuak agertzen Araba osotik".
Zehazki birusaren 8 serotipoa da azken asteetan detektatu dutena. Birusaren aldaera hau duela bi hilabete Kantabrian eta Ipar Euskal herrian egondako kasuetan antzemandako 3 serotipoa baino zertxobait kalteberagoa da.
Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du honezkero harremanetan jarri dela lurraldeko abeltzaintza sektorearekin, eta informazio trukaketa "etengabea" dela azpimarratu dute.
Txertaketa kanpaina
Mihi urdinaren gaixotasunaren hedapena ekiditeko abereak txertatzeko deia luzatu du Aldundiak. Berriki abiatutako kanpaina oso positiboki baloratu dute, "txertaketa maila oso altua" izaten ari delako.