Nekez ahaztuko dute Baldarrak kuadrillako kideek 2025eko abuztuaren 15a. Kuadrillak 20 urte betetzen dituen urte berdinean egokitu zaie Laudioko Jaietako txupinazoa jaurtitzea, eta, horrenbestez, festei hasiera ofiziala ematea. Txupinero izatearen ardurak duen pisuaz kontziente, kuadrilla barruan taldetxoa antolatu dute, jaietako protokoloak eskatzen duen lana betetzeko.
Hogei urte jaietan
Jaietako kuadrilla ez ezik, lagun kuadrilla ere bada Baldarrak. Duela hogei urte, saskibaloia tarteko, Laudio Ikastolako eta La Milagrosa ikastetxeko bi lagun talde elkartu eta kuadrilla berria osatu zuten horrela. Kuadrillen Eguneko bazkariko tiketak lortzea zuten helburu duela bi hamarkada taldea sortu zutenean, baina geroztik jaietako antolakuntzaren eta parte-hartzearen eragile aktibo bilakatu dira. Baita lagun kuadrilla ona, jaietako esparrutik kanpo ere. Igela da kuadrillaren ikur, baina aurretik sator suhiltzaile bat izan zuten irudi, kaskoan ikurrina eta estelada bana zituela. Igela aukeratzearen arrazoia kontatu diote Aiaraldea Komunikabideari, barre artean: “Hogei urte pasa direnez, kontatu dezakegu, preskribatu du. Arrigorriagako jaietara joan ginen behin eta marrazki lehiaketa bat zegoen. Goizeko ordu txikitan norbaitek lapurtu zuen marrazki bat eta igela zen. Irudi horrekin geratu ginen”.
“Bereziki gogoko dugu kuadrilla giroa eta indartzen ari da hori, hain zuzen”
Hogei urte eman dituzte jaiak girotzen eta prest dira beste hogei igarotzeko; “gure kuadrilla beti dago kalean jaietan”. Hamaika ekintzetan parte hartzen dute, eta bereziki kuttuna dute kuadrillen arteko zelai-errea txapelketa: “Zamaltzainak egiten hasi zenean ekin genion parte hartzeari eta podium ugari lortu genituen, eta orain ere”, nabarmendu dute.
Aipatu bezala, izaera parte-hartzailea da Baldarrak kuadrillaren ezaugarri nagusietako bat. Suziri Jai Koordinakundeko kuadrilla beteranoena izateak ere, ez die jaietan-murgiltzeko sugarra itzali. Kontrara, harro begiratzen diote belaunaldi eta kuadrilla berrien “irrupzio” etengabeari. “Bereziki gogoko dugu kuadrilla giroa eta indartzen ari da hori, hain zuzen. Talde on bat sortu dugu Suziriren inguruan, eta osasun ona dauka”.
Gosaria indarrak hartzeko
Abuztuaren 15ean hasiera bikoitza emango die Baldarrak kuadrillak Laudioko jaiei. Eguerdian txupinazoa jaurtitzeaz gain, azken urteetan bezala, Baldarraken esku egongo da festetako lehendabiziko ekintza: kuadrillen gosaria.
Badira hamabost urte baino gehiago ekintza hau antolatzeari ekin ziotela, eta urterik urte geroz eta arrakasta handiagoa ari da lortzen. “Kuadrillak goizeko lehen ordutik kalean elkartzeko aitzakia bikaina da, gainera garrantzitsua da 15a bezalako egun luze baterako indarrak hartzea”, azaldu dute kuadrillako kideek.
Janari kantitateari erreparatuta aise ikus daiteke deialdiaren arrakasta: 50 patata-tortilla, 300 txoripan, 140 sandwich misto, 140 Nocilla sandwich, sangria, zukuak, kalimotxoa… “Dena agortzen da”, azaldu dute Baldarrakeko kideek. Aurten ere bertan izango dira, urtero bezala, 10:00etatik aurrera, 12:00etan udaletxeko balkoira igotzeko unea iritsi bitartean, jaiei hasiera emateko ardura euren gain dutela.