Nola sortu zen zuen jai-kuadrilla, eta nondik dator honen izena?
Orain urtebete elkartu ginen Milagrosako hainbat gazte jai-kuadrilla bat sortzeko. Garai hartan 20 lagun inguru ginen. Gero, gure adineko beste talde batzuk ere batu ziren, eta gaur egun 40 lagun gara. Inauterietako mozorroa aukeratzerakoan, jantziaren kolorea adostean eta batez ere izenarekin buruhauste handiak izan genituen eta azkenean gutako bati bururatu zitzaion orain daukagun izena.
Suziri Jai Batzordera batzea erabaki duzue. Zergatik?
Txikitatik ikusi izan dugu herriko jaietan kuadrillak protagonistak direla: txupinazoan, ekintzetan… eta beti izan dugu horren parte izateko gogoa. Horretarako, Suziri-n sartu behar ginela argi geneukan.
Zer ekarpen egingo diozue Laudioko jaiei?
Guretzat aurtengoa lehen urtea da, eta horregatik parte hartzeko eta ikasteko gogo handiak ditugu. Hala ere, txosnetan lagundu dugu jada eta Odoloste Egunerako ekintza bat antolatu ere.
Zein da jaietako egunik onena?
Txupinazo eguna da egunik onena, dudarik gabe, emozioa nabari baita aurreko egunetatik. Goizean kuadrillako jantzia jarri eta guztiekin elkartzea… horrelakorik ez dago. Azkenean, urtean zehar oso gutxitan elkartzen gara guztiok batera.
Egitarauko zein ekintzarako zaudete gogotsu?
Oraindik ez dugu parte hartu egitarauko ekintzetan, beraz, ez dakigu zein gustatuko zaigun gehien. Bakoitzaren gustuak alde batera utzita, Zoroak kuadrillaren ekintza aukeratuko genuke.
Zer ezin da falta Laudioko Jaietan?
Kuadrillak! Laudioko jaien esentzia kuadrillek bermatzen dute: ekintzak prestatu, euskara sustatu, giroa sortu, musika jarri, eta hainbat gauza gehiago ematen baitira haiei esker. Beraz honen parte izateak pozten gaitu.
Zein da zuen ustez aurten txosnetan gehien entzungo den abestia?
Latinoamérica-Raffa Fl, Michael BM, Jayie, Vika...
Amurrioko jaietara hurbiltzeko asmorik duzue?
Abuztuaren 14an izan daiteke Iguarrakoa “lapurtzera” joatea. Ez dugu Amurrio asko gustuko, hala ere, festak festa izaten jarraitzen du, nahiz eta hor izan.
Zerk egiten ditu Laudioko jaiak berezi?
Herriko jendeak. Laudio herri paregabea da, eta ez da beste horrelakorik egongo.