ARTEON

“Ikuskizun hutsa izango da pregoia, ez dugu ezertxo ere ez irakurriko”

Txabi Alvarado Bañares 2025eko abuztuaren 13a

Laudioko Jaietako pregoia irakurriko dute ArteOn abesbatzako kideek. / Aiaraldea.eus

FELIX PRIMO SAIZ (Laudio, 1968) ArteOn abesbatza elkarteko presidentea da. Talde horretako kideak izango dira aurtengo sanrokeetako pregoilariak, eta ikuskizun berezia prestatzen ari dira abuztuaren 14rako.

Laudioko jaietako aurtengo pregoilariak izango zarete ArteOn elkarteko kideak. Nola jaso zenuten albistea?

Autoan nengoen kultur zinegotziak deitu zidanean, arratsaldeko zazpiak izango ziren. Esan zidan bilera bat izan zutela eta guri buruz hitz egin zutela bertan. Hasieran pentsatu nuen: “Ea zer gertatu den hemen, ea zer apurtu dugun” (barreak).

Esan zidan gugan pentsatu zutela jaietako pregoilariak izateko. Bonba bat izan zen. Albiste zoragarria da eta argi dago badela taldeari egiten zaion aitortza eta omenaldi bat. Normalean horrelako aitortzak jende nagusiari egiten zaizkie, edo urte askoko ibilbidea dute entitateei.

Baina kasu honetan alderantziz da: hau beti izango da etorkizuneko proiektu bat, 5 urteko neska-mutilak ditugulako, eta baita 22 urtekoak ere. Argi dago gazteen abesbatza bat beti izango dela etorkizunez betetako proiektu bat, beti egongo delako jendea sartu eta irteten, oso gaztetatik abiatuta. Horregatik, are ilusio handiagoarekin jaso dugu pregoilari izateko proposamena.

Pregoilari izatea zer da orduan zuentzat, aitortza edo aurrera jarraitzeko bultzada?

Bi gauzak (barreak). Aurten 12 urte bete ditugu eta hau bultzada bat da gauzak egiten jarraitzeko eta proiektu berriei heltzeko, dudarik gabe.

Nola baloratzen duzue 12 urte hauetan eginiko lana?

Gogoratzen dut duela hamabi urte proiektu hau aurkeztu genuenean elkarrizketetan esaten genizuela: asmo asko ditugu, gogo asko gauzak egiteko, ea noraino iristen garen.

Pandemia bat igaro dugu, eta baita abesbatzatik igaro diren neska-mutilen bilakaera naturala ere. Azken finean, horrelakoa da bizitza: jende bat kanpora doa ikastera eta abesbatza utzi behar izaten du. Baina hori guztia gainditu izana bada sari bat, aitortza da, baina eurentzat, taldearentzat. Eurak dira protagonistak, elkarrizketa nik egin arren. Eurak gabe ezin dugu ezer egin.

“Hau beti izango da etorkizuneko proiektu bat, 5 urteko neska-mutilak ditugulako, eta baita 22 urtekoak ere”

Hori da benetako saria: 12 urtez egitura mantendu ahal izatea. Pentsa urte hauetan guztietan bospasei zuzendari izan ditugula, baina aurrera jarraitzen dugu.

Gorabehera asko izan dituzue?

Beti daude gorabeherak. Lagun-talde bateko kide batek esaten duenean korua utziko duela beste bizpahiru batzen zaizkio, eta hiruzpalau joaten dira kolpe bakarrean. Baina gero badatoz beste hiruzpalau, konpentsatzen goaz.

Zein da gaur egungo egoera?

Nire ustez, une honetan bagaude ArteOnen garairik onenetako batean, onenean ez bada, hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, abesten duten neska-mutilek urte ugari daramatzate taldean, eta horrek dakar oinarria oso indartsua izatea. Abesbatzara sartzen diren kide berriak babestuta sentitzen dira, talde egonkor batekin egiten dutelako topo, eta horrek asko errazten du bilakaera. 18-22 urteko kideak izateak erraztu egiten du proiektua aurrera atera ahal izatea.

Beste funtsezko faktore bat zuzendaritza artistikoa da. Imanol Gamboa, gure zuzendaria, mutil gazte bat da, eta enpatia asko du talderekiko, ez dagoelako adin ezberdintasun handiegirik, eta konexioa ahalbidetzen du horrek. Adina ez da ezeren berme, noski, baina bermea badira Gamboak duen formazio musikala eta taldearekin enpatia izateko duen gaitasuna. Gauzak hala, oso une ederra da orain bizitzen ari garena.

Zuk urte andana daramatzazu abesbatzen munduan sartuta. Ezberdintasun asko sumatzen dituzun zure gaztaroan abesbatzetan zeuden bizipen eta motibazioen eta gaur egun daudenen artean?

Ezin da alderatu. Ni 17 urterekin hasi nintzen abesten, baina helduen koru batean. Hauek ez, talde gaztea delako. Hasi ginenean esaten zen ArteOn harrobia izan zitekeela Laudion dauden beste abesbatza batzuentzat: Santa Luzia, Andere, Bi Hotsak… Baina talde honetako kideak lagunak dira, elkarrekin abesten daramate zortzi urte zituztenetik, eta orain hogei dituzte. Horregatik, inertzia hutsagatik jarraitzen dute elkarrekin kantatzen, badutelako afinitatea adin, gustu zein ezagutzei dagokionez.

“Nire ustez, une honetan bagaude ArteOnen garairik onenetako batean, onenean ez bada”

ArteOnetik igarotzen diren kideak ez dira beste abesbatza batzuetara pasatzen?

Momentuz duguna da jende bat musikalki ArteOnen jaio dena eta hemen jarraitzen duena.  Ezagutzen dut baten bat beste abesbatza batean dagoena, baina kanpora ikastera joan delako edo beste herri batera joan delako bizitzera. Baina hemen jaio zen jendea hemen jarraitzen du, egonkortasun horrekin.

Pregoia “entseatzen” ari zarete uneotan. Zer aurreratu dezakezue horri dagokionez?

Ez dela ohiko pregoia izango. Are gehiago esango dizut: ikuskizun bat izango da, ez dugu ezertxo ere ez irakurriko.

Ibilbide artistiko bat garatu dugu abesbatza moduan, ez soilik abesten, baita antzezten ere, One musikalarekin. Ordubeteko emanaldi horretan neska-mutilek abestu egiten dute, baina antzezten edo koreografiak egiten ere aritzen dira. Horrelako zerbait izango da pregoia.

Musikal bat?

Beno… zeozer oso ezberdina egingo dugu. Ez dugu ezer irakurriko.

Uztaila bizia igaro dugu, entsegu askorekin. Beldurra genuen, ikasturte osoko nekea pilatu delako, baina ilusioa ikaragarria da. Sekulako konpromisoa dute. Ezin eskertuago gaude, familiei batez ere.

Eta jaiak bereziak izango dira zuentzat, ez?

Noski.

Pregoiaz gain beste zeozer egitea aurreikusi duzue?

Familien eta kideen oporretako eskuragarritasunarekin kontatu behar dugu. Badago jendea pregoirako etorriko dena eta hurrengo egunean oporretara doana. Ez dugu beste emanaldirik eskainiko jaietan, baina presentzia izango dugu hainbat ekitalditan. Ikusi dadila pregoilariak garela (barreak).

Jaien ostean etorriko da ikasturte hasiera. Zer erronka dituzue horri begira?

One musikalak bizirik jarraituko du. Baditugu emanaldiak lotuta Araban, eta beste batzuk data ixtearen faltan daudenak. Poztasun asko ematen dizkigu oraindik proiektu horrek.

Bilboko Fair Saturday ekimenaren inaugurazio ekitaldian ere parte hartuko dugu, azken urteetan egin bezala. Izan ere, taldekideek asko gogoko dute lehen mailako artistekin eta 7.000 pertsonen aurrean abestea.

Portugalera joatera ere gonbidatu gaituzte, Guimarães eta Oportora. Ondoren, bertako abesbatza Laudiora etorriko da abestera. Hori baino lehen, urrian, Leioako zein Soriako koru batzuk etorriko zaizkigu bisitan. Ez gara bidaiatzera mugatzen, kultur jarduera ugari ekartzen ditugu Laudiora.

Baditugu proiektu gehiago. Imanol ari da ekimen horiei forma ematen, pregoiarekin une honetan duten ilusioa mantendu dadin, ortzi-mugan proiektu ilusionagarri berriak izanda.

Ez didazu galdetu, baina esango dizut: ArteOn-en ateak irekita daude beti, neska-mutil berrientzat.

Nola eman daiteke izena taldean?

Nahi dutenean egin dezakete. Ikasturtea amaitu baino lehen hiru pertsonek esan ziguten batuko direla. Ateak zabalik ditugu orain zein irailean, beti gaudelako kide berriak jasotzeko prest.

Pertsona batzuei erreparoa eman ahal die taldera batzea, ArteOnen esperientzia handiko gazteak daudelako. Zer esango zenieke?

Hori dela, hain zuzen, puntu indartsua. Oraingo kideek badute esperientzia abesten eta, horren ondorioz, batzen diren pertsona berriek askoz errazago dute, jada martxan dagoen tren batera igotzen direlako, eta zerotik hastea baino askoz errazagoa da hori. Askoz erosoagoa suertatu zaie eta, gainera, harrera beroa egingo diete.

Taldera batu nahi duena nirekin jarri daiteke harremanetan 689 885 073 telefonoaren edo fundacionarteon@gmail.com helbidearen bidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide