Uda sasoia agurtuko dute aurten Laudioko Latiorro auzoko jaiek. Aurten irailaren 19tik 21era ospatuko dituzte festak. Azken urteetako arrakastari eutsi nahi dio jai batzordeak, eta buru belarri ari dira lanean egitarauko azken kontuak lotzeko.
Halaber, Latiorroko jaiek ohiko eskema mantenduko dutela aurreratu dute batzordetik, eguneko eta gaueko ekintzak uztartuz. Irailaren 19an danbor burrunba hots artean emango diote ongietorria hiru eguneko jai-giroari, bizilagunen danborradarekin. Auzokideen bazkariak, marmitako txapelketak, mus txapelketak edota euskal dantzen erakustaldiak ere ez diote huts egingo programazioari. Aurten, gainera, Kamaraka kalera lekualdatuko dute irailaren 20ko herri bazkaria, “eguraldi ona eginez gero lagun gehiago elkartzeko espazioa” eskaintzen duelako.
Musika eskaintza
Honezkero zehaztuta dagoena Latiorroko jaietako musika eskaintza da. Irailaren 19an BOTH eta No konforme taldeak igoko dira Pagolar kaleko oholtzara. Egun horretan bertan DJ Teso sortzaile laudioarra arduratuko da jai-giroa ordu txikiak arte luzatzeaz.
Irailaren 20an, aldiz, eskualdeko herriak eszenatokiz eszenatoki bisitatzen dabilen Txapela Brava taldea arituko da Latiorro rantxera doinuekin alaitzeko asmoarekin. Haiekin batera Zirkiniz Bez eta DJ Masa laudioarra ere arituko dira udako azken gaua ahalik eta gehien luzatzeko lanetan.