Trenetako eta paretetako grafitietan ez ezik, erakusketa aretoetan ere egongo da kale artea abuztuan. Zikin grafiti taldeak ekintza artistiko bat egingo du KulturLaben Elexalde kaleko lokalean, aitortua den artearen eta gaitzetsia denaren arteko mugak lausotzeko asmoz.
Modu horretan, joera artistiko horren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi dute jendea. "Batzuentzat bandalismoa dena beste batzuentzat adierazpen artistiko gorena da, eta debekatuta egoteak ez dio baliorik kentzen, bere garaian irainduak izan ziren eta gaur egun museoetako gune pribilegiatuak betetzen dituzten beste adierazpen artistiko batzuk epaitzen baditugu", azaldu dute.
Aurreiritziak alde batera uztera eta erakusketa bisitatzera animatu dituzte herritarrak. Abuztuaren 14an, ostegunez, izango da inaugurazioa, iluntzeko 20:00etan. Hilabete amaierara arte egongo da ikusgai, eta ordutegia zabaldu du KulturLabek: Abuztuaren 15, 16, 17, 21, 22, 23, 24, 28, 29, 30 eta 31 egunetan bisitatu ahalko da, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.
Abuztuaren 29an, Laudioko jaietako Baserritar Egunean, kaleko arteari ikusgarritasuna emateko ekitaldi xume bat egongo dela jakinarazi dute, eta egileekin solasteko aukera egongo da bertan.
Zumalakarregiko eta Zubikoko muralak
Ostegunean estreinatuko duten erakusketaz gain, Zikin kolektiboa osatzen duten grafitigile gazteen lana ikusgai dago dagoeneko herrian, Zumalakarregi hiribidean eta Zubiko Kurajo kalean atondutako muraletan.
Arteak baimenik gabe existitzen ikasten du izenburupean, grafitiaren artea erresistitzeko tresna gisa duen balioaz gogoeta egitera darama hormairudiak laguntzen dituen testuak.