Rakatapla elkarteak ez du lehiaketa gastronomikoa antolatuko, udal-dirulaguntza jaso ez duela argudiatuta; Laudioko Udalak gezurtatu egin ditu elkartearen hitzak

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko abuztuaren 12a

Lehiaketaren 46. edizioa izango zen aurtengoa. / Aiaraldea.eus

Rakatapla elkarteak ez du lehiaketa gastronomikorik antolatuko abuztuaren 23an. Kuadrillaren hitzetan, udal-dirulaguntzarik jaso ez izanak eragin du erabakia. Laudioko Udalak gezurtatu egin ditu elkartearen hitzak, eta diruaren transferentzia eginda dagoela ziurtatu du.

Oharra plazaratu berri du Laudioko Rakatapla elkarteak aurtengo lehiaketa gastronomikoa bertan behera utziko duela jakinarazteko. Kuadrillako kideek azaldu dutenez, "urtean zehar egiten dituen kultura-jarduera hauetarako eta beste batzuetarako udal-dirulaguntzarik jaso ez izanak eragin du erabakia". Aiaraldea Komunikabideak galdetuta, ordea, elkarteak dirulaguntza jaso duela ziurtatu du Laudioko Udalak.

Jaietako lehiaketa gastronomikoak 46. edizioa zuen aurtengoa. Espainiako Estatuan untxi-gisatua eta patata-tortilla modalitateak konbinatzen dituen txapelketa gastronomiko bakarra da honakoa. Izan ere, kozinatutako bi jakien puntuazioen baturaren arabera ebazten da lehiaketako irabazlea. Horrez gain, "herrian oso errotuta" dagoen hitzordua dela aldarrikatu dute antolatzaileek.

Hain zuzen ere, Laudioko jaietan zein bizitza-gastronomikoan azken mendean izandako papera aldarrikatu du kuadrillak, erabakiaren dimentsioa erakusteko. "Mende bat baino gehiago daramagu Laudioko kultura-, jai- eta gastronomia-bizitzan laguntzen, San Prudentzioko danborradatik hasi eta Erregeen kabalgataraino. Lehiaketa hau gure historiaren eta herriaren historiaren parte da, beraz, bertan behera uzteko erabakia oso hausnartua eta mingarria izan da", adierazi dute.

Egindako transferentziaren ziurtagiria helarazi dio Laudioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari, dirulaguntza entregatuta dagoela egiaztatzeko.

Udal-dirulaguntza ezbaian

Kuadrillak azaldu duenez, asteak daramate udal arduradunekin eta Ainize Gastaka alkatearekin egoera bideratzeko elkarrizketetan. Rakataplako kideek ziurtatu dute, gaur gaurkoz, ez dutela agindutako diru-sarrera jaso. "Irtenbide posible guztien zain egon gara, baina baliabide faltak eragotzi egiten digu aurten horrelako ekitaldi baten gastuak gure gain hartzea", gaineratu dute.

Aiaraldea Komunikabideak galdetuta, ordea, bestelako bertsioa eman du Laudioko Udalak. Tokiko gobernutik nabarmendu dutenez, dirulaguntzaren tramitazioa eta ordainketaren agindua eginda zegoela azaldu zaio Rakatapla elkarteari. Diruaren jasoketan "orduetako atzerapena" gertatu dela azaldu dute, "bankuaren aginduan akatsa egon delako".

Egindako transferentziaren ziurtagiria helarazi dio Udalak Aiaraldea Komunikabideari, dirulaguntza entregatuta dagoela egiaztatzeko. Udaletik azaldu dutenez, Rakatapla elkarteari dagokio orain diru hori bueltatzea, baldin eta, adierazi bezala, lehiaketa gastronomikoa antolatuko ez badu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide