Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu gaur Laudion, etxebizitza batean lapurtzea egotzita. Latiorro auzoko San Martin kalean atzeman dituzte bi pertsonak ertzainen eta udaltzainen artean, 20:45ak aldera.
21:30etara arte izan dituzte bi pertsonak San Martin kalean, eta ondoren eraman dituzte atxilotuta.
Ertzaintzaren prentsa oharra
Atxiloketa jazo eta biharamunean argitaratu du Ertzaintzak gaiari buruzko prentsa oharra. Poliziak jakinarazi duenez, Areta auzoan izan zen lapurreta. Hala azaldu dute oharrean: "Etxera itzultzen ari ziren bi pertsonak jarrera susmagarria zuten bi gizon ikusi zituzten, eta batek atzetik segitzen zien bitartean bestea etxera joan zen, eta sarrerako atea behartuta zegoela ikusi zuen. Berehala eman zuen abisua, eta Ertzaintza eta Udaltzaingoa lapurren bila hasi ziren trenbide inguruan, bertatik ihes egiten saiatu baitziren".
Zehaztu dutenez, 21 eta 24 urtekoak dira atxilotutako bi gizonak, eta epailearen esku utzi dituzte dagoeneko.