Jaien hasierarekin batera gora egin du tenperaturak Laudion. Eguerdian jaurti dute Baldarrak kuadrillako kideek txupinazoa udaletxeko balkoitik eta festak eztanda egin du herriko bazter guztietan.
Giroa, ordea, goizean goizetik joan da berotzen. Hain zuzen ere, txupineroen kuadrillak gosari herrikoia prestatu du Alberto Acero plazan, sabelak bete eta eztarriak freskatzeko. Ehunka lagun elkartu dira bertan, lehen suziriaren zain egon gabe, jaiei hasiera emateko asmoz.
Jaia ez dadin izan isiltasunaren konplize
Laudio-Palestina herri ekimenak eta Suziri Jai Batzordeak oso presente izan dute palestinar herria, eta Israelek Palestinaren aurka darabilen genozidioa. Argazki erraldoia atera dute txupinazoa jaurti baino minutu gutxi batzuk lehenago. Gainera, jai-kuadrilla guztien pankartetan ere txertatu dituzte Palestinaren aldeko elkartasun mezuak.