Noiz eta nola sortu zen proiektua? Zer nolako bilakaera izan duzue orain arte?
Gure proiektua 2024an sortu zen, Suberrik antolatutako II. Jardunaldi Politikoetarako. Zinez taldearen kontzertuaren ondoren DJ bat egotea pentsatu zen, baina baliabideak zirela eta ez genuen DJrik lotu eta proposatu genuen elkarrekin prestatzea. Modu horretan, gustuko dugun jai giroa sortzeko aukera genuen. Hasieran soinu-ekipo txiki batekin eta ilusio handiarekin hasi ginen, eta pixkanaka-pixkanaka, esperientzia eta material hobea lortu dugu.
Nola definituko zenukete zuen proiektua? Zertan ezberdintzen zarete eskualdean egon daitezkeen beste musika jartzaile edo DJetatik?
Guretzat ez da soilik musika jartzea: giro bat sortzea da, publikoa parte-hartzaile bihurtzea eta momentu bakoitzarekin konektatzea. Besteengandik ezberdintzen gaituena agian hori da: ez gara kabinan sartuta geratzen, zuzenean jendearen iritzia jasotzen dugu. Gainera, estilo nahasketa ausartagoa egiten dugu, ohiko musika komertzial batetik urrunduz.
Zeren arabera erabakitzen duzue zer musika mota jarri une bakoitzean? Aurretik prestatuta eramaten duzue dena edo inprobisaziorako tartea izaten duzue?
Normalean jendeak pentsatzen duena baino lan gehiago eskatzen du egiten dugunak. Beti eramaten dugu prestaketa bat, zerrenda egitura bat, baina beti uzten diogu lekua inprobisazioari. Ez dugu ahazten momentuko giroa dela garrantzitsuena, eta askotan horrek gidatzen du gure hurrengo kanta.
"Egiten dugun lanean publikoaren eta giroaren arteko oreka zaindu behar dugu"
Azken urteetan musika jartzaile edo DJak ugaritu egin dira eskualdeko jaietan. Zergaitik uste duzue dutela arrakasta horrelako proposamenek bestelako musika eskaintza batzuen aurrean?
Azken urteetan DJ izatea modan jarri da eta formatuak malgutasun handia ematen du: estilo asko bateratzeko, jende motaren eta adinaren arabera egokitzeko eta unean bertan aldaketak egiteko. Horrek abantaila handia du, festa herrikoietan batez ere, non publikoa oso anitza izaten den. Gainera, teknologia merkeago eta eskuragarriago bihurtu da, eta horrek sortzeko aukera gehiago ekarri ditu.
Musika jartzerako orduan nola kudeatzen duzue entzuleen partetik jasotzen dituzuen gomendio edo eskakizunak?
Gomendioei beti entzuten diegu, eta ahal denean integratzen ditugu. Baina beti saiatzen gara festa osoaren narratiba mantentzen: batzuetan ez da momentu egokia kanta horretarako edo ez dugu gure deskargen zerrendan, baina gomendioa gorde egiten dugu hurrengo batean sartzeko. Azken batean, egiten dugun lanean publikoaren eta giroaren arteko oreka zaindu behar dugu.
Zer nolako plana duzue uda honi begira? Ze tokitan arituko zarete musika jartzen?
Uda honetan Laudioko jaietako Txosnetan egongo gara, abuztuaren 16an, eta beste data batzuk konfirmatzear daude. Helburua da eskualdeko festa askotan egotea, baina baita herri berrietara heltzea ere, baina zaila da ez garelako oso ezagunak. Hala ere, uda honetan, igual, sorpresak egongo dira.
Aipatu ahal diguzue, zuen ustez, uda honetan falta ezin diren 5 abesti?
- malibU (rusowsky)
- Panpin bat bezala (Jimena Amarillo eta Hofe)
- Sei Hamarkada (Hori Bai Gaztetxea)
- Bi miru gu (Toc eta Hofe)
- Da Me (Bad Gyal)
Eta parranda bat ixteko zein abesti aukeratuko zenukete?
Toda la noche en la calle (Amaral) edo Deus ex machina (Anari eta Belako).