Urtero bezala, San Roke eguna baliatu du izen bereko kofradiak ohorezko pitxerrak banatzeko. Done Petri elizan egin dute ekitaldia, eguerdiko mezaren ostean. Jose Mari Castillo maiordomoak gidatu du saio osoa, umore ukitu ugarirekin. Tximeleta-begizta bat jantzi du kofradiako buruak ohorezko pitxerra aurkezteko. Izan ere, aurtengo omendua Gerardo Ruigomez Varela izan da, eta berak beti darama horrelako apaingarri bat lepoan.
Envaseseko akziodun nagusietako bat da Ruigomez, eta horregatik omendu dute, enpresa horrek herriari eginiko ekarpen guztia aitortzeko. Konpainia osoaren izenean eskertu du saria laudioarrak. “Fabrika beste 75 urtez Laudion egotea espero dut, nahiz eta litekeena den nik ez ikustea”, aipatu du.
Tximeleta-begizta bat jantzi du kofradiako buruak, Gerardo Ruigomez Varelaren omenez.
Envaseseko burua ez da izan eguneko omendu bakarra. Manuel Luja Guinea eta Agustin Menoyo Barcenari eman dizkiete Urrezko pitxerrak, kofrade moduan 1963tik egin duten lana aitortzeko. “Eurentzat bakarrik existitzen da familia, kofradia, euren kuadrilla, euren kirol zaletasunak eta euren ideologia, orden horretan gutxi gorabehera”, nabarmendu du Castillok, eta bi omenduen SAR kuadrillaren blusa jantzi du eurei sariak eman aurretik.
Beteranoak eta hildakoak gogoan
Azken urtebetean zendutako kofradeak ere ekarri dituzte gogora: Jose Luis Navarro Lecanda ‘Txelu’ (iaz Urrezko pitxerra jaso zuena), Jose Ignacio Martinez Iglesias ‘Natxo’ eta Txema Batarrika Urkiza.
Horrez gain, urtero bezala, urrezko intsignia eman diete kofradian 50 urte bete dituzten pertsonei. Bost izan dira aurten: Victor Jesus Barañano Acha, Jose Ignacio Garcia Arbaiza, Iñaki Mendieta Larrazabal, Julian Larisgoitia Zarate eta Pedro Maria Larisgotia Zarate.