Amaitu da Laudioko jaien lehen zatia. Paella bazkaldu ostean, bi ekimen egin zituzten kuadrillek arratsaldea girotzeko. Hasteko, Auzo-Prix lehiaketa antolatu zuten, Bihurriak taldearen eskutik.
Auzoka egin zituzten taldeak eta kalejiran abiatu ziren herritik, geldialdi bakoitzean proba bat egiteko. Aldai plazan egin zuten azkena, jai tematikoari bide emanez. Galtzagorri kuadrillak antolatzen du ekimen hori, eta aurten 'rodeoa' hartu dute gai moduan, zezen mekaniko eta guzti.
Gauean, aldiz, kontzertuak nagusitu ziren herrian. Su Ta Gar-ek metal doinuez bete zuen Zumalakarregi etorbidea. Txosnagunean, aldiz, Maddi bakarlaria eta DJ Bitterkas aritu ziren.
Orain, izan dezaketen atsedenaldirik luzeena izango dute laudioarrek, bederatzi egun falta direlako jaien bigarren txanpari ekiteko. Abuztuaren 27an hasiko da berriz festa, 31n amaitzeko.
Argazkiak: Maider Ramirez Martin eta Txabi Alvarado Bañares