AZKENAK ITXI DEZALA

"Garrantzitsua da guretzat publikoaren eta taldearen arteko konexioa sortzea"

Txabi Alvarado Bañares 2025eko abuztuaren 21a

Azkenak Itxi Dezala taldeko kideak, emanaldi batean murgilduta.

Hiru urte daramatza Azkenak Itxi Dezala (AZID) musika jartzaile talde laudioarrak martxan, eta eskualdeko zein eskualdetik kanpoko hainbat oholtza bisitatu dituzte. 

Noiz eta nola sortu zen zuen proiektua? Zer nolako bilakaera izan duzue orain arte?

Gure proiektuak 2022an izan zuen hasiera eta, sinetsi ala ez, era inprobisatu batean sortu zen. Urte horretako sanpedropeko jaietarako adostuta zegoen artista azkenengo momentuan “jauzi” zen eta gure burua aurkeztu genuen musika jartzeko eta giroa emateko. Egun horretatik aurrera gaur egun ezagutzen den AZId taldea sortu zen. 

Egia esan, ez dugu bilakaera nabarmenik izan. Hasiera-hasieratik argi geneukan zein zen gure ideia eta hori jarraitzen saiatu gara. 

Nola definituko zenukete zuen proiektua? Zertan ezberdintzen zarete eskualdean egon daitezkeen beste musika jartzaile edo DJetatik?

Gure proiektuaren ildo nagusia ikusle moduan entzutea gustatuko litzaigukeen musika jartzea izan da hasieratik eta hori da gaur egun jarraitzen dugun bidea. 

Gaur egun nabaria da eskualdean gaude DJ askok bide antzekoa jarraitzen dugula. Izan ere, gaur egun musika oso eskura dago eta erraza da abesti antzekoak jartzea. Ordea, gu showa ematen ere saiatzen gara. Garrantzitsua da guretzat publikoaren eta taldearen arteko konexioa sortzea. Izan ere, konexio hori sortuz gero, giro hobeagoa lortzen da. 

Zeren arabera erabakitzen duzue zer musika mota jarri une bakoitzean? Aurretik prestatuta eramaten duzue dena edo inprobisaziorako tartea izaten duzue?

Lehen esan bezala, gure proiektuaren ideia jarraitzen saiatu izan gara beti. Egia da, musika jartzen gauden tokiaren arabera, bertan dauden ikusleen gustuetara ere moldatzeko beharra ere sentitzen dugula. Baina, orokorrean, musika estiloa beti berbera da. 

Gure lehenengo emanaldietan bostpasei abesti prestatzen genituen kontzertuari hasiera emateko eta gero, aldez aurretik aipatutako “konexioaren” arabera, beste guztiak jartzen genituen. 

Gaur egun ordea, guztia inprobisatua da, jendeak jada badakielako zer motatako musika jartzen dugun.

"Gaur egun nabaria da eskualdean gaude DJ askok bide antzekoa jarraitzen dugula. Izan ere, gaur egun musika oso eskura dago eta erraza da abesti antzekoak jartzea. Ordea, gu showa ematen ere saiatzen gara"

Azken urteetan musika jartzaile edo DJak ugaritu egin dira eskualdeko jaietan. Zergatik uste duzue dutela arrakasta horrelako proposamenek bestelako musika eskaintza batzuen aurrean?

Gure ustez tokiko DJen eskaintza handitzea gaueko giroan zegoen "nitxo" batetik abiatu da; hau da, beti reggaetoia jartzearekiko alternatiba moduann.

Beste alde batetik, hemen guztiok ezagutzen dugu elkar, eta eskualdeko DJa den talde bakoitzak badaki zer jarri bere publikoa asetzeko eta bere esentzia sesioan nabarmen egiteko. Proposamen hauen arrakasta ibarrari eman dioten freskotasuna eta dinamismoa da.

Musika jartzerako orduan nola kudeatzen dituzue entzuleen partetik jasotzen dituzuen gomendio edo eskakizunak?

Ikusleen gomendioak eta eskakizunak asko eskertzen ditugu. Izan ere, askotan lagungarriak dira eta, lehen esan bezala, publikoaren eta gure artean konexioa mantentzen laguntzen dute. 

Gure musika estiloa nahiko zehaztua da eta askotan ildo horretatik ateratzen diren abestiak baztertu behar ditugu, nahiz eta agian abesti hori oso ona izan. 

Zer nolako plana duzue uda honi begira? Ze tokitan arituko zarete musika jartzen?

Uda honetako plana nahiko lasaia da. Ez daukagu emanaldirik. Baina horrek ez du esan nahi ez dugunik musika jarriko. 

Aipatu ahal diguzue, zuen ustez, uda honetan falta ezin diren bost abesti?

  • Compostelako Erromesa (Maruxak) 
  • Ran Rober Ran ( Maruxak)
  • Morrosko (Mirua )
  • La puta ripagaña (Chill mafia)
  • Atlantis

Eta parranda bat ixteko zein abesti aukeratuko zenukete?

Sandstorm.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide