Animaliak Babesteko eta Edukitzea arautzeko udal ordenantza berria prestatu du Laudioko Udalak, eta irailaren 30era arte eman du epea araudi horren gaineko iritzi, proposamen edo iradokizunak bidaltzeko. Edozein herritarrek egin ahalko ditu ekarpenak, Herritarren Arretaratzeko Zerbitzuaren bidez edo herritarren parte-hartzerako atarian.
Udalak berak zehaztu duenez, araudi berriak orain arte indarrean egon dena ordezkatuko du, eta bi helburu nagusi izango ditu: Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legera egokitzea eta katuen kolonien kudeaketarako atala gehitzea.
Horrez gain, orain arte indarrean zeuden arau-hausteak mantentzen ditu ordenantza berriak. Besteak beste, 60 eta 750 euro bitarteko isunak aurreikusten ditu animaliak solte izateagatik horretarako berariaz mugatu gabeko eremuetan, eta baita animalien gorozkiak ez jasotzeagatik ere.