Laudioko anbulatorioa nagusientzako zentro integrala bilakatzea mahairatu dute udalbatzan

Aitor Aspuru Saez 2025eko abuztuaren 25a

Gaurko udalbatzaren irudia.

San Rokezar nagusien elkarteak bere zentroan dituzten arazoak eraman dituzte gaurko udalbatzara eta EH Bilduk adierazi du konponbidea dela, epe luzean, egungo anbulatorioa nagusien zentro integrala egitera bideratzea.

Laudioko udalbatzak orainari lotutako eztabaidarekin hasi du gaurko saioa eta etorkizunerako proiektu handia iradoki du. Izan ere, San Rokezar nagusien elkarteak hiru aldarrikapen egin ditu mozio bidez eta udal gobernu taldeak epe luzerako konponbidea marraztu du; egungo anbulatorioa etorkizuneko nagusien zentro bateratua izatea, alegia.

San Rokezarren exijentziak

Edonola ere, eztabaida piztu duen testua San Rokezar nagusien elkartearen mozioa izan da. Horretan eskatu dute egungo lokalaren sabaian arratoiekin dauden arazoak konpontzea, nagusien jantokia egoitza horretan ez egitea eta elkartearentzako eta erabiltzaileentzako lokal duin, segurua eta iraunkorra adostea.

Lehen aldarrikapenari dagokionez, taldearen bozeramaileak eskerrak eman dizkie udal ordezkariei, esku hartu baitute jadanik. 

Nagusien jantokiari dagokionez, argudiatu dute jadanik espazioak galdu dituztela aipatu dute eta ekimen hori ahalbidetzeko obrek leku gehiago kenduko dietela adierazi dute, egungo jarduerak oztopatuta. Euren aburuz, jantokia beste kokapen batera mugitu beharko lukete. Halaber, galdetu dute zer gertatuko den ohiko funtzionamendu dinamikarekin -duten langilea barne- obrek irauten duten bitartean.

Adostasun falta nagusi alderdien artean

Udal ordezkariak dituzten alderdi orok aitortu dute San Rokezarrek egiten duen lana eta zoriondu dute, baina iritziak oso kontrajarriak izan dira eztabaida puntuei dagokienez.

Esaterako, nagusien jantokiaren kasuan, PSE-EEk aldarrikatu du ezinbesteko proiektua dela, ez bakarrik adinekoen elikaduraren esparruan, baizik eta, bereziki, bakardadearen kontra borrokatzeko. 

Omniak, bere aldetik, ez dio zentzua ikusten 248.000 euroko inbertsioa egiteari egungo lokalean, etorkizunean beste leku batera mugitu beharko bada proiektua.

EAJren iritziz, aldiz, San Rokezar egoitzaren alboan dagoen lokal bat erosi beharko litzateke jantokia egiteko.

EH Bilduk, aldiz, ezinbestekotzat jo du inbertsioa egitea, baina ez soilik nagusien jantokia egiteko -momentuz ez dagoelako beste tokirik jartzeko eta berebiziko egitasmoa da eurentzat- , baita egungo lokalean osasun eta irisgarritasun baldintzak eta arauak betetzeko.

"Egungo egoitza ez da duina ezta segurua ere. Inbertsioa egin beharra dago komunak, argia eta sabaiak hobetzeko, eta sarrerak irisgarri izateko. Horregatik jantokia ere egin daiteke" adierazi du Ludi Temiño Kohesio Sozialeko zinegotziak.

Bere iritziz, nagusien jantokia ahalik eta lasterren jarri behar da abian, gero eta jende nagusi gehiago dagoelako herrian eta aitortu du hasieran "modu esperimentalean" egingo dela, toki egokia izan arte.

Halaber, Temiñok azpimarratu du nagusien jantokiak ez dituela beste jarduerak oztopatuko;: "13:00etik 15:00ak arte emango da zerbitzua eta ordutegi horretan zentroa itxita dago".

Laudioko anbulatorioa eta zehaztu gabeko erantzunak

Ludi Temiñok iragarri du EH Bilduren apustua dela egungo anbulatorioa etorkizuneko nagusien zentroa bilakatzea eta horretarako lan egingo dutela, kohesioa sozialerako ardatza izan daitekelako.

Hori bai, erantsi du horrek urteak beharko dituela -osasun zentro berria ez dute eraiki oraindik- eta bitartean, nagusien jantokia garatzeko toki aproposik ez dagoela.

Horretarako obrek zenbat iraungo duten zehazten ez da ausartu zinegotzia eta Gardean eta Aretan dauden lokalak elkarteak baztertu dituela aipatu du, garraio eta irisgarritasun arazoen ondorioz.

Lanek iraun bitartean zentroan dagoen langileak kalterik ez duela izango ere ziurtatu du Temiñok eta bere hitza eman du horretarako.

Mozioaren alde, baina adostasunik gabe

PSE-EEk, Omniak eta EAJk mozioaren alde bozkatu dute eta EH Bildu abstenitu da, baina nagusiek mahairatutako arazoei aurre egiteko adostasunik ez da lortu.

PSE-EEk bat egin du EH Bildurekin anbulatorioa baliatzeko, baina bere ustez zuhurrak izan beharra dago, ez dagoelako bermerik. Omniak leporatu die alderdi orori mozioak daudenean soilik lantzea gaiak eta azpimarratu du udal haustekundeen programetan ez zegoela inolako aipamenik nagusien zentroari buruz. Omniaren iritziz, Laudioko Udaletxe alboan dagoen orubea baliatu beharko litzateke promotore pribatu batek etxebizitzak eraiki ditzan eta trukean, nagusien zentroa han egin dezan. Hori urte eta erdiko kontua izango litzateke, Alvaro Barrios zinegotziaren ustez.

EAJk azpimarratu du egungo zentroaren alboko lokal bat erostearekin nahiko litzatekela arazoa konpontzeko.

EH Bilduk erantzun dio horrek salatzen den inbertsioa baino diru gehiago bideratzea ekarriko lukeela. Gainera, Temiñoren ustez, hori ere ez litzateke behin betiko konponbidea.

San Rokezarreko bozeramaileak ere hartu du hitza eta nabarmendu du leku gutxi izanda ere, jantokiaren proiektuak espazioa kenduko diola egungo zentroari eta, horregatik, eskatu die ez egikaritzea hor.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide