"Nola hobetuko zenituzke elizako arkupeko eta Abasto plazak?". Galdera hori luzatu die Laudioko Udalak herritarrei, amaitzear dauden Abasto plazako obrek utziko duten espazio berria hornitzeko helburuarekin. Izan ere, irailean amaituko dira espazioa birgaitzeko proiektuko lan nagusiak, eta hornikuntza faseari ekingo diote.
Tokiko Gobernuak "laudioarren erabilera eta gozamena hobetzeko" asmoz, prozesu parte-hartzailea jarri du abian. Herritarrek irailaren 15era arte izango dute nahi dituzten ekarpenak luzatzeko epea.
"Helburua guztion artean espazio berri hau hornitzea da, laudioarren gozamenerako leku bat sortuz", adierazi du Ludi Temiño zinegotziak. Gauzak horrela, espazio berrian zer nolako altzari publikoak edota landaredia behar den proposatu ahalko dute herritarrek.
Ekarpenak Internet bidez egin ahalko dira, partehartzea@laudio.eus helbide elektronikoan. Presentzialki ere jasoko dituzte proposamenak, udaletxeko bigarren solairuan kokatuta dagoen parte-hartze teknikariarekin harremanetan jarriz.