"Txistuak, mehatxuak eta irain sexistak" jaso dituzte Laudioko jaietan eraso matxista bat salatzeagatik

Txabi Alvarado Bañares 2025eko irailaren 1a

Agerraldia deitu zuen Laudioko mugimendu feministak atzo, Odoloste eguneko goizaldean Txosnagunean gertatutakoa salatzeko. 

Laudioko Mugimendu Feministako kideak Txosnaguneko oholtzara igo ziren Odoloste eguneko goizaldean, 5:30ak aldera, eraso matxista bat salatzeko asmoz. 

Igande arratsaldean, aldiz, elkarretaratzea egin dute Alberto Acero plazan, bertan gertatutakoa azaldu eta gaitzesteko. Izan ere, azaldu dutenez, "txistuak, mehatxuak eta irain sexistak" jaso zituzten DJen musika itzali eta eszenatokira igo zirenean. 

"Atzo 'Feministas, hijas de puta, poned la música', 'Feminazis' eta horrelako astakeriak entzun behar izan genituen", azaldu dute. Euren iritziz, erreakzio hori ez zen kasualitatea izan, "emakumeok eta pertsona disidenteok presentzia publikoa hartzearen ondorio zuzena" baizik, "herri osoaren aurkako eraso bat". 

Jakinarazi dute hori egin zutenak ez zirela "nerabe desubikatu batzuk" izan, "ezta beste herrietatik etorritakoak" bakarrik.

Horri lotuta, jakinarazi dute hori egin zutenak ez zirela "nerabe desubikatu batzuk" izan, "ezta beste herrietatik etorritakoak" bakarrik. "Jende asko konplize izan zen, adin guztietakoak eta inguru guztietakoak, herrikoak barne", azpimarratu dute. 

"Gorroto diskurtsoen gorakadaren" testuinguruan kokatu dute gertatutakoa, "faxismoak eta matxismoak atzoko irainen itxura hartzen dutela" ohartarazita. Horren aurrean, "feminismotik antolatzen eta borrokatzen" jarraituko dutela ziurtatu dute, eta horretarako deia luzatu diete herritar guztiei. "Bide horretan bustitzeko eta zikintzeko unean heldu da, eta zein aldean zauden erabaki eta pasibotasuna alde batera uztekoa", aldarrikatu dute. 

Era berean, jai ereduaren gaineko hausnarketa bat eman behar dela aldarrikatu dute, "guztiontzako espazio seguru eta feministak" eraiki behar direlako, erasotzaileak "inguruko lagun, ezagun eta auzokideak baitira maiz". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide