Laudioko jaietan agertu diren Ertzaintzaren aurkako kartelak gaitzetsi ditu Ramiro Gonzalezek, Laudioko jaietara atzo eginiko bisita dela eta. Hala azaldu du Ahaldun Nagusiak sare sozialen bidez: "Laudioko jaiak, Kofradia eguna. Pertsona asko hurbildu zaizkit jai-eremuaren okupazioaz eta kartelen ugaritzeaz kexatzeko, Ertzaintzaren aurka zuzendutakoak bereziki. Ezin gara ohitu eta ezin dugu normaltzat hartu normala ez dena. Jaiak denonak dira eta jai-eremuak ere izan beharko luke".
Mezuarekin batera, lau argazki zabaldu ditu Arabako foru gobernariak: poliziaren aurkako kartelak agertzen dira lehen bietan, EH Bilduren pankarta bat hirugarrenean, eta Laudioko Gazte Asanbladaren eta Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformarenak laugarrenean. Argazki guztiak Aldai plazan eginikoak dira, Gonzalez bertan egon baitzen Laudioko Musika Bandaren kontzertua entzuten.
Diputatu nagusiak antzeko mezu bat plazaratu zuen abuztuaren 6an, Gasteizko Txosnetan zeuden hainbat pankarten harira. Kasu horretan, Fernando Buesa fundazioaren txio bati egin zion aipamena, zeinak euskal presoen etxeratzeari eta Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren 50. urteurrenari lotutako pankarta batzuk salatzen zituen.