Ibai Adrian Comesal musikari laudioarrak Chicago Youth Simphony Orchestrarekin jo du udan

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 5a

Ibai Adrian Comesal musikariak tronboi baxua jotzen du.

Gazte Orkestra Sinfonikoko kide izateagatik sortu zitzaion aukera eta Valladoliden, Granadan, Sevillan eta Cordoban aritu zen tronboi baxua jotzen.

Ibai Adrian Comesal musikari gazteak esperientzia bikaina izan du udan, lau kontzertu eskaini baititu Chicago Youth Simphony Orchestrarekin; Valladoliden, Granadan, Sevillan eta Cordoban, hain zuzen.

Izandako bizipenari buruz galdetuta, laudioarrak honakoa azaldu du: "Maila hain altuko orkestrarekin jotzea plazer handia izan da. Entsegu bakoitzean eta kontzertu bakoitzean sentitzen zen exijentzia, konpromisoa eta musikarako maitasuna. Soinu handi eta landu baten parte izatea deskribaezina da. Motibazio handia izan da niretzat aurrera jarraitzeko eta musikaz gozatzen jarraitzeko".

Areto handietan

Estatubatuarrekin egindako biran toki berezietan aritzeko parada izan du Ibai Adrian Comesalek eta horien artean bi azpimarratu ditu: "Aukera izan dugu auditorio ikusgarrietan jotzeko, hala nola Valladolid-eko Miguel Delibes-en edo Granadako Manuel de Fallan. Akustika eta edertasun bereziko tokiak dira, eta horrelako eszenatokietan jotzea pribilegio bat da, betiko gogoan izango dudana".

Proposamena Gazte Orkestra Sinfonikoaren bidez

Aiaraldearrari kontzertu sorta horretan parte hartzeko eskaintza Gazte Orkestra Sinfonikoan egoteagatik heldu zitzaion. "Tronboi baxua behar zuten eta orkestrarekin harremanetan jarri ziren. Hortik nire izena atera zen eta azkenean parte hartu ahal izan nuen!" argitu du musikariak.

"Hasieratik sentitu naiz zerbait berezi baten parte, eta aukera paregabea izan dut pertsona zoragarriak ezagutzeko, giza kalitate handikoak, eta musika bizitzeko eta ulertzeko modu berri bat deskubritzeko"

Hazteko bidea

Musikariak gehien azpimarratu duen aldea izan da ikasten eta hazten jarraitzeko bizipena izan duela: "Hasieratik sentitu naiz zerbait berezi baten parte, eta aukera paregabea izan dut pertsona zoragarriak ezagutzeko, giza kalitate handikoak, eta musika bizitzeko eta ulertzeko modu berri bat deskubritzeko: irekiagoa, elkarlan gehiagoz beterikoa, eta benetan inspiratzailea".

Halaber, amerikarren lan egiteko eredua ezagutzeko balio izan dio esperientziak: "Haiekin egun hauek partekatzeak hazten lagundu dit, bai musikalki eta baita pertsonalki ere. Nola lan egiten duten, nola erlazionatzen diren musikarekin eta elkarrekin… etengabeko ikasketa bat izan da. Ulertarazi didate gure lana bizitzeko modu asko daudela, eta guztiak bateragarriak direla, baldin eta errespetua eta pasioa badaude".

Edonola ere, dena ez da lana izan eta bisitak egiteko tartea ere izan dute. Horri esker leku enblematikoak ezagutu dituzte, Cordobako meskita, esaterako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide