KRONIKA ETA BIDEO GUZTIAK

Made in Laudio: herriaren karikatura zinematografikoa

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko irailaren 12a

Hamalau urteko hutsunearen ostean, Made in Laudio sketch ikuskizunaren edizio berria antolatu du aurten gazte talde batek. Umorea ardatz udalerriko karikatura zorrotz bezain atsegina eraman zuten pantaila handira Berakatz Egunean. Aiaraldea Komunikabideak bertan plazaratutako lan guztiak bildu ditu.

Asteazken buruzuri bat, Berakatz eguna Laudion, gaueko bederatzi t’erdiak eta txosnagunea lepo. Gazteak eta helduak, familiak eta jai-kuadrillak. Guztiak lurrean jarrita, eszenatokian instalatu duten pantaila erraldoiari so. Ezohiko argazkia da, ezohiko zerbait gertatzear denaren seinale.

Duela hamalau urte antolatu zen azkenekoz Made in Laudio sketch ikuskizuna, eta hutsunea betetzeko ahalegina egin du herriko gazte talde batek aurtengo jaietan. Ordukoa oinarri, haize freskoa ekarri du belaunaldi berriak.

Julen Pagazaurtundua bakarrizketalaria oholtzan agertu denean eman diote hasiera Made in Laudioren edizio berriari. Teleberriko aurkezle plantak eginez, lehenengo bideo sortari eman dio bide Pagazaurtunduak.

Azken orduko albiste batekin datoz, eta txosnaguneko plato nagusitik zuzeneko konexioa egin dute Gazela diskotekako atariarekin. Jendetza elkartu da bertan Arloteen “Kaixo Arlote eta RuperPopper” diska berriaren aurkezpenaren esperoan.

Barrez lehertu da txosnagunea, eta hasi da tenperatura igotzen. Sarrerako goxoa izan da lehenengo bideo hau, etortzeko dagoenaren aurrekari. Gainerako bideoek bide beretik jo behar badute, zerbait handia ikusteko aukera izango dute txosnaguneko karpan elkartutako ehunka lagunek.

Gazelatik Lamuza Parkearekin lotura egiteko deia jaso du Julen Pagazaurtunduak. Heleneee Bueno Bale kazetariak parkeko “muroan” geratzen den azken erromantikoa elkarrizketatu behar du zuzenean: Harkaitz Paredes. Nostalgia dosia, karpan elkartu diren milenial guztien neurrira.

Iragarkietarako etenaldiaren ostean albiste oldeak ez du etenik, eta aurkezleak Latiorroko aktualitateari begira jarri ditu ikusleak. Auzoko gentrifikazioa dela eta bidesaria jarri dute Latiorrora pasa nahi dutenentzat. Black Mirror kutsua; gaur fikzioa dena, errealitatetik oso gertu egon daiteke bihar.

Jai kuadrillek ere euren aletxoa jarri dute Laudioko karikatura zinematografikoa aberasteko. Azkenak kuadrillako lagunak izan dira euren film laburra aurkezten lehenak. Roketxu txakurraren erreketaren aurka antolatutako RAP taldeari egin diote elkarrizketa. Ikusteko desatsegina bezain bikaina den film laburra. Sundance jaialdian ere aurkeztu zezaketen zinema pieza independentea, baina Laudioko Txosnagunea aukeratu dute kuadrillako kideen gaitasun interpretatiboak jendaurrean erakusteko.

Galtzagorriko kideek ere ez diote Made in Laudioko hitzorduari hutsik egin. Urte luzez kalejiretan batera aritu ostean elkarrekin haserretu dira buruhandiak, eta bakoitzak bere bidea hartu du.

Laugarren horma apurtu eta txosnaguneko eszenatokira egin dute salto Galtzagorriko buruhandiek, Backstreet Boys taldearen erritmoan dantzan. Txaloka eta bibaka jarri da publikoa. Gorputza mugitzeko gogoz igo dira oholtzara Galtzagorrikoak eta Shakiraren Waka Waka dantzatzera pasa dira, Made in Laudio aurrenekoz antolatu zen 2010eko uda “magiko” hurari gorazarre egitearren nonbait.

Bati baino gehiagori luze egion zaizkio abestiaren hiru minutu eta 30 segundoak, baina inork ez du ukatuko barregarria izan ez denik buruhandiak gerria mugitzen ikustea. Txalogarria Galtzagorri kuadrillako kideen inplikazioa Made in Laudio egitasmoan. Gaztelaniaz esaten den gisan: “Zesarri, Zesarrena dena”.

Aginte mandoa hartu eta kanalez aldatzea erabaki du Julen Pagazak. Gauza hutsalagoetara jotzeko unea iritsi da. Eta zer First Dates saioa baino gauza hutsalagorik zapping sesioan murgiltzeko.

Zita bikoitzarekin dator Laudioko First Dates saioa. Laudio eta Bilboko jaietako protagonistak, eta Laudioko auzo antagonikoetako bizilagunak amodio bila elkartuko dira gaur iluntzean. Tele-zabor programa onenen gisan, iragarkietarako tartea ere ez da faltako.

Tele-zaborretik igande arratsalde euritsuetako pelikula grisetara: Iguarrakoa Hil Eben, Amurrioko jaietako irudiaren lapurreta sofistikatua erakusten duen filma. Arrakastarako osagai guztiak dauzka bideoak: Pakita Penas Dj-ak, Plot Twist pare bat, Laudioko Gaztetxeko Al Pelutxo Kartutxo komandoaren itzulera… Christopher Nolanek ere ez luke gidoi korapilatsuagorik osatuko.

Pantaila beltz jarri den unean begirada guztiek jo dute karparen atzealdera. Jendea zutitzen hasi da. Bi metroko Iguarrakoa dator Al Pelutxo Kartutxoko kideen bizkar gainean. Laudioarrek txaloka eta irrintzika hartu dute maskota amurrioarraren bahiketa. Eszenatokian utzi dute hegaztia eta gupidarik gabe exekutatu dute Amurrioko jaietako sinboloa, publikoa are gehiago piztuz.

Bero daude Made in Laudioko ikusleen animoak eta azken proiekzioak are gehiago asaldatu behar ditu. Ez da nolanahiko bideoa edizio berri hau ixteko aukeratutakoa. Modaz pasatako super-heroien itzulera film guztiak eklipsatu behar ditu azken bideoak: Laudio Gaga bueltan da.

Performanceak gorago jo ezin zuela uste genuenean, ordea, Ama birjinaz jantzita han agertu da Laudio Gaga, jendetzaren artean prozesioan. Lady Gaga delakoaren Abracadabra abestiaren erritmoan, bengala baten suak argiztatuta. Ezin sinetsirik oihuka, algaraka eta bibaka lehertu da txosnagunea.

Ezbairik gabe, jaietako ekintza arrakastatsuenetako bat izan da Made in Laudio, eta geratzeko etorri da. Ez du erronka makala aurretik: aurten jarritako marka haustea. Oso goian dago langa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide