Behin aurtengo jaiak pasata eta betiko errutinara bueltatu ostean, une batez gelditu eta hausnartzeko tarte bat hartu nahi izan dugu gogoeta eta balorazio kolektibo batzuk partekatzeko.
Herriko jaiak guztion ahaleginaren emaitza dira: elkarren artean gozatzeko, ikasketak, lanak edo eguneroko bestelako betebehar zein arduretatik aldentzeko eta lan kolektiboaren eta auzolanaren adierazpen paregabe bat dira.
Era berean, aurten, txosnagunea jaietako espazio nagusienetako bat izan da berriro ere. Hau urtero egiten den lanaren adierazpena da, urte luzez espazio hau eraiki duten eta eraikitzen jarraitzen duten kolektibo eta norbanakoei esker da, baita hurbiltzen zareten guztioi esker ere. Horrek aitortza eta defentsa bat merezi du. Horregatik, lortutakoagatik harro sentitzen garen arren, aurtengo balorazioak zapore gazi-gozoa utzi digu.
Errealitate bat den heinean, jaietako alderdi hau ezin dugu alde batera utzi: gizartean zabaltzen ari diren dinamika erreakzionarioak ere gure espazioan agertu dira. Jaietan eraso matxistak, horren aurka agertu direnen aurkako txistuak, lapurretak, lapurreta saiakerak, txosnaguneko horma-irudien kaltetzea... horren adierazpen argiak dira. Gertakari larriak dira hauek, denbora laburrean jazo direnak eta normaltzat onartu ezin ditugunak.
Argi geratu dadila: Laudioko txosnak espazio politizatuak dira. Laudioko txosnak elkarren artean konpromiso politiko batzuk ezarri eta horien barruan jarduten duten eragileen arteko emaitza dira: zapalkuntza ororen kontra antolatzen gara; ez dugu eraso matxista, arrazista zein LGTBIQfobikorik onartzen; euskararen alde lan egiten dugu eta herrian antolakuntzaren aldeko hautua egiten dugu.
Horrelakorik ez litzateke posible izango proiektuari eusten diotenen militantziarik gabe eta hainbat norbanakoren prestutasunik gabe. Hau da, txosnetan parte hartzen duen inork ez du etekinik lortzen, eta hau hona ekartzea beharrezkoa ikusten dugu.
Horregatik gertakari guzti hauek salatzeaz gain, ez ditugu onartuko. Txosna Batzordearen balioak erasotzen dituen oro ez da ongietorria izango gure espazioan.
Aldi berean, biziki eskertzen dugu espazio kolektibo hau zaintzen duzuen orori. Txosnagunea indartzen eta defendatzen jarraituko dugu, horrela bakarrik izango delako borroka eta jaia uztartzeko gune.
Gora Laudioko Txosnak.