Peio Barbara laudioarra oso pozik itzuli da Trespadernen egindako mendi lasterketatik. Larunbatean lehiatu zen eta emaitzak oso positiboak izan dira, junior kategoriako markarik onena eskuratu baitzuen: 1:39:58.
16,5 kilometroko luzera zuen erronkak eta 750 metro positiboko desnibela. Aiaraldearrak nabarmendu du "zati teknikoak eta harriak zituela ibilbideak, eta igotako lekuan suebaki bat gainditi behar zen". Hori dela eta, gustura amaitu zuen lortutako denborarekin.
Berez, Barbarak duela hiru urte ekin zion mendi lasterketetan parte hartzeari eta duela urtebete erabaki zuen Laudio Atletismo Taldean sartzea. Hasieran hurbil zeuden probetan eman zuen izena, baina denboraren poderioz urrunago joaten hasi da.
Podiuma zapaltzeari dagokionez, Barbarak honakoa argitu du: "Hau ez da podiumera igotzen naizen lehen aldia, baina bai lehen aldia lehenengoa naizela. Izan ere, Galipa Mendi Biran izan nintzen bigarren gaztea".
Krosean ere eskarmentua dauka laudioarrak: "Hirugarren postuan amaitu nuen Arabako Kros Txapelketan 18 urte azpiko kategorian eta hirugarren postua lortu genuen Euskadiko Kros Txapelketan 18 urte azpiko taldearekin".