Bizikletaren gainean egongo da Juanma Olivas laudioarra igandera arte. Arabako 51 udalerriak lotzea du helburu, erronka solidario baten bidez. Mila kilometro egin nahi ditu zazpi egunetan, 100-200 kilometro inguruko etapa bana eginez egun bakoitzean, Gasteizen hasi eta bukatuta.
Atzo, aldiz, bere sorterritik egin zuen txangoa. Laudioar Txirrindulari Elkartearen egoitzaren paretik abiatu zen goizeko bederatzietan, eta Amurrio, Artziniega, Okondo, Luiaondo, Orozko edota Baranbio bisitatu zituen. Igandean, aldiz, 200 kilometroko etapa osatuko du Uribarri Ganboako urtegiaren ingurutik, erronkari amaiera emateko.
Helburu bikoitza
Helburu bikoitza du egitasmoak, Olivasek azaldu duenez. Alde batetik, Arabako Elikagai Bankurako dirua bildu nahi du kirolariak. Bederatzi enpresen babesletza lortu du horretarako, eta Bizum zenbaki bat ere jarri du herritarren eskura (00025), nahi duenak ekarpena egiteko aukera izan dezan.
Baina, horrez gain, buru osasunaren garrantzia jendarteratzea ere du xede laudioarrak. Izan ere, nahasmendu bipolarra du Olivasek, eta gaixotasun horrekiko estigma ezabatu nahi du. Bere hitzetan, “oso zabala” da buru osasunaren auzia, eta herritar guztiei eragiten die. “Nik ezgaitasun bat dut eta badirudi gizartearentzat ez naizela erabilgarria, are gehiago, munstro bat naizela dirudi”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.
“Orain gehiago ezagutzen ari da depresioaren gaia, baina agerraldi psikotikoez edo eskizofreniaz hitz egiten duzunean jendeak hesiak jartzen ditu”
2011. urtean esan zuen Olivasek gaixotasun hori zuela, “eta ez dela ezer gertatzen”. Garaiak aldatu direla iritzi du, baina kontzientziazio gehiago falta dela ere bai. “Orain gehiago ezagutzen ari da depresioaren gaia, baina agerraldi psikotikoez edo eskizofreniaz hitz egiten duzunean jendeak hesiak jartzen ditu”, azaldu du, “baina, seguru asko, esan izan ez banizu, ez zenuke sumatuko etiketa bat dudala sorbaldan itsatsita, psikiatra batek jarri didana”.
Bi gai ezberdin dirudite buru osasunarena eta elikagai banaketarena, baina lotuta daudela uste du Olivasek: “Familia xume batetik nator, badakit nire gurasoek lan handia egin behar izan dutela. Zer buru osasun izan dezake bere seme-alabak elikatu ezin dituen pertsona batek?”.
Egonkortasunaren bila
Hori bada motibazio nahikoa kirolari laudioarrarentzat, baina badu baita beste arrazoi bat ere horrelako erronketan buru-belarri sartzeko: lortzen duen buru-egonkortasuna. "Medikazioak laguntzen du, baina nire lana da orekatua eta ondo egotea. Agerraldi psikotikoa bat-bateko igoera moduko bat da. Nik ez dut inoiz substantziarik hartu, baina bidaia berdin bizitzen dut. Kudeatzea da garrantzitsuena", azaldu du.
Bide horretan, duela urte batzuk deskubritu zuen Ironman proben mundua, eta horretan murgilduta dago uneotan. Mota horretako hiruzpalau lasterketa egin nahi ditu urtero, uneoro egonkor egoteko. Horri begira, beroketa moduan baliatzen du aste honetako erronka.
Ekimenaren hirugarren edizioa da aurtengoa, eta Olivasek bere amari dedikatu nahi izan dio. “Lehen edizioan bera egon zen harrera egiten Laudioko etaparen amaieran, orain ia ez dago gure artean”. Hori nahiko luke laudioarrak: ekimenak aurrera jarraitzea bera gabe ere. “Edizioetako batean ezin izan nuen parte hartu ingresatua egon nintzelako, baina beste kide batzuek egin zuten nire ordez”, nabarmendu du, eta gogorarazi du edozein txirrindulari batu daitekela erronkara. Horretarako, Olivasen sare sozialetara jo daiteke, bertan zabaltzen baitu ekimenaren gaineko informazio eguneratua.