Txiki geratu zen atzo La Milagrosa ikastetxeko areto nagusia. Omenaldia egin zieten bertan Karitateko Alabak ordenako kideei. Izan ere, irailaren 1ean utzi zuten ikastetxea mojek, amaiera emanez ordena horretako kideek hezkuntza zentroan eginiko 103 urteko ibilbideari.
Txistulari eta dantzariekin sartu ziren lau moja beteranoak ekitaldira, txalo artean. Laudioko apaizak gidatu zuen ekitaldi erlijiosoa, baina musikarako tartea ere utzi zuen, Andere Abesbatzaren eta Lankaietako lagunen eskutik.
Horrez gain, irakasle zein ikasleek ere hartu zuten hitza, eta bideo bat proiektatu zuten gero, ikastetxetik igaro diren hainbat pertsonen mezuekin (zuzendari, irakasle zein ikasle ohiak edota Guraso Elkarteko kideak, besteak beste). Bukatzeko, oholtzara igoarazi zituzten lau omenduak, arrosa eta oroigarri bana emateko.