10.000 kilometroko erronka aise gainditu zuten atzo Laudion euskararen alde eginiko ekimenean. Ehunka lagun animatu ziren Zumalakarregi etorbidean gora eta behera aritzera. Ibiltzen, korrikan, bizikletan edota patinetean, adin anitzeko herritarrak batu ziren 9:00etatik 19:30ak arte luzatu zen egitasmora, eta 13.168.8 kilometro osatu zituzten guztien artean.
Antolatzaileak pozik agertu dira ekimenak izandako harrerarekin, baina egitasmoaren alde kualitatiboari ere erreparatu nahi izan diote. Izan ere, aurten udalerriko derrigorrezko hezkuntzako ikastetxe guztiak batu dira erronkaren antolakuntzara. Gauzak hala, egun osoa elkarlanean igaro zuten Laudio Ikastolako, Lamuza Ikastetxeko, Aretako Herri Eskolako, La Milagrosako, Laudioko BHIko eta Latiorro Ikastetxeko hezkuntza komunitateek.