Astebete daramate Maderas de Llodioko langileek greba mugagabean, eta gaur prentsaurrekoa egin dute euren egoeraren berri emateko.
Berez, aurreko egunetan azaldutakoak berresteko baliatu dute agerraldia. “Maderas de Llodioko eta oro har Aiaraldeko langile guztiok kezkatuta gaude enpleguaren suntsiketarekin, ez bakarrik Maderasen, baizik eta eskualde osoan”, azaldu dute, eta berriz nabarmendu dute enpresako zuzendaritzak bere asmoak betetzen baditu lantegiaren etorkizuna “benetako arriskuan” egongo dela eta, ondorioz, “eskualdeko etorkizun industriala are ilunagoa” izango dela.

Euren hitzetan, ez dago justifikaziorik enpresak “ekoizpenaren %40 deslokalizatu eta 39 langile kaleratzea” erabakitzeko. “Ez dugu nahi ekoizpena kendu diezaguten; alderantziz, hobetu, zabaldu eta etorkizunean enplegu gehiago sortu nahi dugu. Horregatik, Komitetik, alternatiba bat planteatu diogu enpresari, produkzioa eraman ez dezan”, azaldu dute. Aldarri hori eramango dute asteazkenean Logroñora, elkarretaratzea egingo baitute Garnicak bertan dituen bulego nagusien aurrean.
Instituzioei interpelazioa
Erakunde publikoen jarrera ere salatu dute langileek. Zehazki, “beste alde batera begira” egotea leporatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari. “Utzi langileak kriminalizatzen dituzten diskurtsoak erabiltzeari eta zuen ekintzarik eza justifikatzeari. Diru publikoa enplegua defendatzera bideratu behar da, ez kaleratzeak erraztera”, aldarrikatu dute, eta iragarri dute ostegunean Batzar Nagusietara eta Eusko Legebiltzarrera joango direla hori exijitzera.

Eskerrak eskualdeari
Bukatzeko, “bihotzez” eskertu nahi izan diote “eskualde osoari” greba egun hauetan erakutsitako elkartasun eta babesagatik: “Zuei esker argi daukagu borrokatzeak merezi duela”.
Horrez gain, eskerrak eman dizkiete euren borrokaren aldeko elkartasun mozioa sinatu duten eskualdeko enpresa batzorde guztiei. Zehaztu dutenez, honako hauek dira atxikimendu eman dute komiteak:
- Tubacex
- Tubos Reunidos
- Voestalpine (JEZ)
- Aiala Vidrio
- Vidrala
- Amurrio Ferrocarril
- Envases
- Laudioko eta Amurrioko udalak
- Kider
- Ascensores Iza
- Artiach
- Inauxa
- Laudioko Udal Euskaltegia
- Fribasa
- Aresketa Ikastola
- Aianox
- Arabako Gizarte Ongizate Institutua
- Onduline
- BM Disu Aiara
- Megatech
Nabarmendu dutenez, beste hainbat “enpresa batzorde, erakunde, hezkuntza eta gizarte-eragile” ari dira ere euren babesa adierazten, eta hori aurrera jarraitzeko “funtsezkoa” dela azpimarratu dute. “Beste behin ere, langile klasea gara gure eskubideen alde borrokatu behar dugunak”.