Maderas de Llodio greba mugagabean

Zergatik kaleratu nahi dituzte 39 langile Maderas de Llodion?

Txabi Alvarado Bañares 2025eko irailaren 30a

Mobilizazio ugari egi dituzte Maderas de Llodioko langileek azken asteetan. / Aiaraldea.eus

Maderas de Llodioko 39 kaleratzeen albisteak ezustean harrapatu du eskualdea, baina ez da albiste isolatu bat. Garnica taldeak Laudioko egur fabrika 2018an erosi zuenetik, gorabehera ugari egon dira, orain gertatzen ari denaren aurrekariak izan daitezkeenak. 

Irailaren 1ean jaso zuten albistea langileek: Garnica taldeak kaleratze kolektiboa ezarri nahi zuen Maderas de Llodion. Handik astebetera eman zuen zifra zehatza: 39 kaleratze planteatzen zituzten guztira. 

Hortik aurrera ekintzak bata bestearen atzetik jazo dira: langileek bi greba egun deituta erantzun zioten zuzendaritzari, eta irailaren 18an eginiko mobilizazioan iragarri zuten greba mugagabera igaroko zirela. 

Hala egin dute ordutik hona eta, une honetan behintzat, erabatekoa izaten ari da lanuztearen jarraipena. 

Gertakarien zurrunbilo honen erdian, galdera bat dago airean: zergatik erabaki du Garnicak Maderas de Llodion 39 langile kaleratzea? 

Ez dago argi. Enpresak “produktibitate eta antolaketa kausak” argudiatu ditu. Langileen ordezkariek, aldiz, uste dute erabakia “erabat enpresariala” dela, eta “ondorio oso larriak” ekarriko lituzkeela lantegiaren jarraikortasunera begira. Hau da, beldur dira 39 kaleratze hauek ez ote diren lantegia erabat ixteko lehen urratsa izango. 

Carlyle Group inbertsio funts erraldoiak 2022ko urrian erosi zuen Garnica. Handik hilabetera enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarri zuten hainbat lantegitan, Laudiokoan barne.

Horrez gain, Enpresa Batzordeko kideek gogorarazi dute udan lan hitzarmenaren negoziazioan murgilduta zeudela zuzendaritzarekin, eta hori apurtzea leporatu zioten enpresari, kaleratzeen erabakiarekin egun batetik bestera agertzeagatik. 

Zazpi urte Garnica barruan

Dena den, Laudion iragarritako kaleratzeak lotuta egon daitezke azken urteetan gertatutako beste kontu batzuekin. Goazen hasierara: 1982. urtean jaio zen Maderas de Llodio, Laudion finkatutako egur-fabrika moduan. Enpresaren jabetza herrian mantendu zen urte luzez, harik eta orduko akziodunek enpresa Garnica taldeari saltzea erabaki zuten arte, 2018. urtean. 

Aldaketa esanguratsua izan zen hori, lantegi autonomo bat izatetik egur-multinazional baten piezetako bat izatera pasa baitzen fabrika. Garnica 1941ean jaio zen, zerrategi familiar bat bezala, baina gaur egun sei ekoizpen-zentro ditu, Laudiokoaz gain: hiru Errioxan, bi Frantzian eta bat Valentzian. 1.100 langile baino gehiago dira orotara, urtean  380.000 metro kubiko ohol ekoizteko gaitasunarekin. 

Maderas de Llodioren erosketa egin eta urtebetera hasi ziren lehen gorabeherak. Garnicak hiru langile kaleratu zituen Laudion "errendimendu falta" egotzita. Enpresa Batzordeak hainbat mobilizazio egin zituen horren aurka. Orduko hartan sindikatuek azaldu zuten enpresak gabeziak zituela eskarietan eta horregatik lan bolumena jaitsi zela. Horren ondorioz, langile batzordeak eta zuzendaritzak adostu zuten hilabete horretan ostiraletan lanik ez egitea, kaleratzeak ekiditeko. Gauzak hala, agindutakoa ez betetzea egotzi zioten zuzendaritzari. 

Baina gorabehera handienak iristeke zeuden. 2022ko martxoan Garnica taldeak iragarri zuen 5 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten zuela Laudioko lantegian, orain egin nahi duenaren aurkakoa egiteko, ekoizpena handitzea, alegia. 

Carlyle Groupek jabetza eskuratu eta urtebete eskasera 26 langile kaleratu zituzten Logroñoko bulegoetan.

Handik hilabete batera sute handi bat egon zen Maderas de Llodion. Logikoa izan ahalko litzateke pentsatzea gertaera hark zuzendaritzaren hasierako asmoak aldrebestu zituela, baina ez dirudi horrela izan zenik. Sutea oso ikusgarria izan zen arren, kalteak ez ziren horren garrantzitsuak izan, eta beharginak maiatzean itzuli ziren lanera. 

Gainera, enpresaren inbertsioak ez ziren gelditu. Kontrara, hasierako aurreikuspena gainditu zuten. Izan ere, Garnicaren datuen arabera, 7,1 milioi euro inbertitu dituzte guztira Maderas de Llodioren azpiegituretan 2019tik hona. 

Baina, inbertsio eta suteez harago, beste gertakari esanguratsu bat jazo zen, Garnica talde osoari eragingo ziona. Carlyle Group inbertsio funtsak enpresaren % 70 erosi zuen 2022ko urrian.  Mundu mailako inbertsio talde erraldoia da, Estatu Batuetan sortu eta garatutakoa, eta Estatu espainiarreko sei enpresaren jabe da, zazpi Garnicarekin. 

Dena den, kontuan hartu behar da Carlyle Groupek ICG funtsaren lekukoa hartu zuela enpresan, berari erosi baitzizkion akzioak. Hau da, inbertsio funts batetik bestera pasa zen Garnicaren jabetza. Gauzak hala, ez zirudien kapitalaren aldaketak gorabehera esanguratsurik ekarriko zuenik.

Baina egon ziren batzuk. Erosketaren albistea jaso eta hilabetera enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarri zuten martxoaren 31ra arte, "ekoizpen jaitsiera" argudiatuta. Enpresa taldearen beste lantegietan ere antzeko neurriak hartu zituzten garai berean. 

Handik urtebetera, 2023ko irailean, Garnicak Enplegua Erregulatzeko Espedientea iragarri zuen Logroñon dituen bulegoetan. Hasieran 45 pertsona kaleratzea planteatu zuen, baina sindikatuekin negoziatu ostean 26ra jaitsi zuen kopurua.

Zuzendaritza berria

“Garai batean Garnican fakturazio errekorrak izan ziren COVIDaren ondoren, eta plantak topera zeuden txandei eta ekoizpen-ahalmenari dagokienez. Ondoren, merkatuaren zuzenketa bat egon zen, txandak murriztu eta beste neurri batzuk hartzera eraman gintuena. Orain egonkortasun-une batean gaude, eta hazten hasi gara berriro, baina oraindik ez duela bi urteko maila berean”.

Alvaro Gonzalezen hitzak dira horiek, Vocento taldearen Errioxako egunkarian 2024ko uztailean eskainitako elkarrizketa batean. Garnicako zuzendari exekutiboak (CEO ingelesez) bi hilabete lehenago hartu zuen kargua, eta ez zen bakarra izan. Gaur egun zortzi kidek osatzen dute enpresaren zuzendaritza, eta erdiak bi urte baino gutxiago darama bertan. 
Elkarrizketa berean, Carlyle Groupi buruz galdetuta, Gonzalezek nabarmendu zuen inbertsio funtsaren “egonkortasun eta profesionalizazioak” asko laguntzen ari ziela konpainia profesionalizatzen. “Adituak dituzte jardueraren adar bakoitzean aholkatzen gaituztenak hazten jarraitzeko”, nabarmendu zuen. 

Deslokalizazio arriskuez galdetuta, aldiz, zuzendari exekutibo estreinatu berriak zailtzat jo zuen aukera hori. “Ez dut uste Garnica hemendik mugituko denik, ezta Errioxako plantilla murriztuko denik ere, kontrakoa baizik”, adierazi zuen. Maderas de Llodiori buruz, aldiz, ez zuen ezer aipatu. 

Aiaraldea Komunikabidea duela bi aste jarri zen harremanetan Garnicarekin erreportaje honetarako adierazpenak jaso eta Alvaro Gonzalezi elkarrizketa bat proposatzeko, baina ez du erantzunik jaso momentuz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide