Bernedoko udalekuen kasuari lotutako salaketa bat jarri dute Laudioko Ertzain Etxean

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 1a

Laudioko Ertzain Etxean jarri dute salaketa. / Aiaraldea.eus

Ertzaintzak adierazi du salaketa sexu-askatasunaren aurkako delituengatik izan zela, baina ez du xehetasun gehiagorik eskaini.

Ertzaintzaren prentsa bulegoak oharra zabaldu du jakinarazteko irailaren 26an hiru salaketa jarri zituztela Bernedoko udalekuetan ustez gertatutako sexu-askatasunaren aurkako delituak direla medio. Salaketa horietako bat Laudioko Ertzain Etxean jarri zuten.

Aiaraldea Komunikabideak Ertzaintzari galdetu dio salaketari buruz, jakiteko erabiltzaileen artekoa izan den edo beste mota batekoa, baina poliziak azaldu du ez duela oharrean zabaldu duena baino informazio gehiago emango. Alegia, Ertzaintzak aipatu du daukaten informazio guztia epaileen esku utzi dutela eta euren ardura dela orain auzia bideratzea.

Kronologia

Vocento taldeak sortutako polemika dela medio, Ertzaintzak kronologia bat eskaini du, zeinean argitzen duen 2024an izan zutela ustezko gertakarien berri eta ikerketa egin eta epaitegira bidali zutela. Edonola ere, poliziak azpimarratu du, berez, lehenengo salaketa 2025eko abuztuan izan zela, ustez 2021ean eta 2022an Aibagarreko udalekuetan eta 2023an eta 2024an Bernedon jazotako egoerengatik.

Ertzaintzak jasotako lehen salaketa 2025eko abuztukoa da eta pasa den ostiralean beste hiru jarri zituzten, bat Laudioko Ertzain Etxean.

Guztira, lau salaketa jaso ditu poliziak eta azken hirurak pasa den ostiralean egin zituzten.

Udalekuek akusazioak arduraz hartu eta gezurtatu dituzte: "Ez dugu inor behartzen besteen aurrean biluztera"

Polemikak hartu duen neurria dela medio, Bernedoko hezitzaileek adierazpena zabaldu zuten pasa den astean udalekuen aurka egin diren akusazioak arduraz hartzen dituztela esateko, baina hainbat kontu gezurtatuta. 

Begiraleek berretsi dute dutxa mistoen aldeko apustua "gorputzen sexualizioa deseraikitzeko" eta "logika binarioak baztertzeko". Edonola ere, nabarmendu dute "biluztasunak duen karga sozialak haur eta gazteengan deserosotasunak sor ditzakeela jakinda" jarduten dutela. Horregatik, aipatu dute ez dutela "inor behartzen besteen aurrean biluztera" eta "akonpainamendua eta alternatiba pertsonalizatuak" eskaintzen dituztela kasu bakoitzean. "Espazio seguruak sortzeko bermeak jartzen" dituztela gaineratu dute.

Bernedoko begiraleek hainbat akusazio gezurtatu dituzte eta azaldu dute inor ez dagoela behartuta besteen aurrean biluztera.

Halaber, udalekuetako arduradunek salatu dute gezurrak eta irainak jasan behar izan dituztela. Adibidez, haurrak inkomunikatuta daudenaren akusazioaren aurrean, hezitzaileek azaldu dute udalekuetan ez dagoela baimenduta telefonoa edukitzea, baina argitu dute familiekin berehala jartzen direla harremanetan behar denean.

Bukatzeko, udalekuetan aritzen diren kideek aipatu dute irain eta gorroto mezuak jasaten ari direla eta horren atzean dagoena "transfobia hutsa" dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide